- Orain ezarrita dagoen tasarekiko aldea zera da, oraingo tasan, herriguneko bide publikoa okupatzeagatik egiten dela faktura; eta tasa berrian, berriz, publikoak diren lursailak okupatzeagatik egingo litzatekeela faktura, hala nola mendiak okupatzeagatik
Irabazi Legazpiko Alberto Bezunarte gure zinegotziak mozio bat aurkeztu du; mozioaren bitartez, konpainia elektrikoek jabari publikoa linea elektrikoekin okupatzeagatik bidesaria ordaintzea lortu nahi dugu.
Zenbait udalerritan ezarri dute jada tasa hori: Zamorako Muelas de Pan herrian, 200 biztanle dituen herri txiki batean. Auzitegietan konpainia elektriko handiekin auzi luzea izan ostean, azkenean, Auzitegi Gorenak onartu du tasa eta, beraz, lau konpainia elektrikok –besteak beste, Iberdrolak eta Red Eléctrica de Españak– 70.000 euro ordaindu beharko dizkiote urtero linea elektrikoen 20.000 metroko instalazioarengatik.
Gaur egun, Legazpiko Udalak TOKIKO JABARI PUBLIKOAREN APROBETXAMENDU BEREZIAGATIKO TASA onartua du udalaren jabari publikoa okupatzen duten sare eta antena finkoen bitartez –erabat edo partzialki– eskaintzen diren zerbitzu nahiz horniduretarako –ura, gasa, elektrizitatea, telefonia finkoa eta beste komunikabide batzuk–. Tasaren zenbatekoa honela kalkulatzen da: zehaztutako zerga-oinarriari 100eko 1,5 aplikatuta. Zerga-oinarria udalerriko fakturaziotik urtero lortzen dituzten diru-sarrera gordinen zenbatekoa da.
Orain ezarrita dagoen tasaren –jabari publikoaren aprobetxamendu berezia– eta proposatu dugun tasa berriaren –jabari publikoaren aprobetxamendu orokorra– arteko aldea zera da, lehenengo tasan, herriguneko bide publikoa okupatzeagatik egiten dela faktura, eta bigarrenean, berriz, publikoak diren lursailak okupatzeagatik egingo litzatekeela faktura, hala nola mendiak okupatzeagatik.
Proposamena onartuko balitz, zerbitzu juridikoek tasa hori nola ezarri aztertu beharko lukete eta Udalak zenbateko diru-sarrerak lortuko lituzkeen kalkulatu beharko lukete. Izan ere, FEMP Espainiako Udalerri eta Probintzien Federazioak tasa berria ezartzearen aldeko txostena egina du jada, eta zerga berriaren zenbatekoa nola zehaztu ere finkatuta du.
“Gure udal-taldetik interesgarria iruditzen zaigu finantzabide berri hau aztertzea, eta ezarriko balitz, egungo Ordenantza Fiskalarekin bateragarria ote den ikusi behar da, edo bestela, ordenantza hori aldatu behar ote den” adierazi du Alberto Bezunartea zinegotzi berdeak.