Aurten ere, maiatzaren 17an Homofobiaren, Transfobiaren eta Bifobiaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatuko dugu. 27 urte bete dira Osasunaren Mundu Erakundeak homosexualitatea gaixotasun mentalen zerrendatik ezabatu zuenetik.
Berdintasunaren arloan eta LGTBI eskubideen arloan aurrerapausoak egin diren arren, bide luzea dugu oraindik egiteko. 2017. urte honetan LGTBI+ kolektiboaren aurkako eraso oso larriak gertatu dira: besteak beste, mezu transfoboak dituzten autobusak herriz herri ibili dira, eta Txetxenian homosexualak deuseztatzeko esparruak zeudela jakin dugu. Halaber, eraso horien aurrean gizartearen gehiengoak erantzun duela ere ikusi ahal izan dugu; beraz, argi dago gizarteak errespetua eta aniztasuna aldarrikatzen dituela.
EQUOk eta EQUO LGTBI+ sareak errespetuan eta bizikidetzan oinarritutako gizartea lortzeko borrokatu behar dugula defendatzen dugu. Zeren LGTBfobiak pertsonen askatasuna ez ezik, gizarte osoaren ongizatea ere jartzen baitu arriskuan.
Ez dezagun ahantzi, Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agentziaren arabera, LGTBI+ pertsonek jasaten dituzten erasoen % 60tik % 90era bitarte ez dituztela salatzen. Egoera biziki dramatikoa bizitzen ari gara. Horregatik, LGTBI+ kolektiboaren Eskubideak bermatuko dituen eta LGTBfobia desagerrarazteko borrokatuko duen legeria behar dugu, inoiz baino gehiago.
LGTBfobia modu askotan adieraz daiteke: indarkeria fisikoa, hitzezko indarkeria, pentsamolde heterosexualaren kultura-sistemak egiten duen eta ikusezin bihurtzen den indarkeria, edo mikrohomofobiako jarrerak. LGTBfobia amai dadin, pertsona jakin batzuek baliatzen duten indarkeria desagerrarazteaz gain, oinarrian duen sistema osoa –gizartea eta kultura– eraldatu ere egin behar da. Hori lortzeko lanean ari gara EQUOn eta EQUO LGTBI+ sarean, erakundeen eta gizartearen arloetan.