Bilboko udalean erosketa eta kontratazio berdeak txertatzearen alde ari gara lanean

 Udalberri-Bilbao en Común udal-taldeak Gobernu Taldeari eskatzen dio erosketa eta kontratazio berdearen aldeko udal-politika gara dezan, natura-baliabideen arrazoizko kudeaketa eta bidezko ustiapena sustatzeko.

Horretarako, gure koalizioak proposatzen du ingurumen-irizpideak pixkana-pixkana txertatzea produktuak erostean eta alor guztietako eta mendeko erakundeetako zerbitzuen kontratazioan. Gainera, aholkularitzako, asistentziako, obretako eta zerbitzuetako lehiaketak esleitzeko baldintza-agirietan irizpide horiexek bilduko lirateke, baita zerbitzuak eskaintzeko aurkezten diren enpresen kontrataziorako ere. Halaber, energiaren ikuspegitik efizienteenak diren teknologiei lehentasuna emango litzaieke birgaitze- eta berritze-obra guztietan.

 “Gure ustez gaur egun inork ez du zalantzan jartzen horrelako kontratazioak ingurumenarentzat onuragarriak direla, eta beraz, pertsonen bizi-kalitatea hobetu egiten dutela. Nolanahi ere, bultzada politiko sendoa behar da ahalegina administrazioen itxura-garbitze soilean gera ez dadin. Udalak, herritarrengandik gertuen dagoen erakundea den heinean, benetako konpromiso eraginkorra hartu behar du horretarako. Hori da hilabete honetako osoko bilkuran eskatuko duguna”, adierazi du Carmen Muñozek, EQUO Euskadik UdalBerrin duen zinegotziak.

Kontratazio publikoan irizpide horiek txertatzea garrantzitsua da, Euskal Administrazio Publikoaren erosketak eta kontratazioak BPGaren % 14 direlako, eta beraz, ingurumenaren ikuspegitik efizienteagoak diren produktu eta zerbitzuak erostera aldatzeak inpaktu handia dakar, gure lurraldearentzat produkzio-eredu iraunkorrago baterantz berrorientatzeko bidean.