EQUOko kobozeramaile eta Unidos Podemos Talde Parlamentarioko diputatu Rosa Martínezek gogor kritikatu du Gobernuaren beto berri hau, kasu honetan haustura hidraulikoaren erabilera debekatzeko aurkeztutako energia-alorreko Lege Proposamenari jarritakoa.
Betoa jarri zaion lege-proposamenak debekua eskatzen zuen zuhurtasun-printzipioari jarraikiz, gero eta azterlan zientifiko gehiagok frogatzen baitituzte teknika horrek giza osasunerako, eta baliabide hidrikoen eta airearen poluziorako dituen kalte eta arriskuak. Gainera, 2014an, frackinga debekatzeko Energia Eredu Berri baten aldeko Plataformak bultzatutako konpromiso bat sinatu zuten alderdi politikoek, eta, hori horrela, gaur egun Kongresuak gehiengo nahikoa du lege hori aurrera ateratzeko. Berriro ere, exekutiboak argudio gisa erabiltzen dituen arrazoiak ekonomikoak dira, Gobernuak berak emandako txostenetik ondorioztatzen denez, aurrekontu-arloan bere eskumena urratzen dela azalpen gisa baliatuz, zerga-arloko diru-sarreren gutxitze bat gerta daitekeelakoan.
“Beto berri honek gobernuak oposizioaren edozein legegintza-ekimen blokeatzeko darabilen estrategia berresten du. Lehenik neurriaren inpaktu ekonomikoa asmatzen dute eta gero muga gainditzen dute beren aurrekontu-eskumenaren aplikazioan. Betoa jartzen dioten energia-arloko hirugarren legea da hau, betiere arrazoibide ekonomiko eta juridiko zehaztugabeak erabilita, eta horrek garbi erakusten du ez dutela inolako asmorik energia-ereduari buruzko debatea Kongresura –eta, horrenbestez, herritarren aurrera– eramateko. Gure aldetik, energia-eredua aldatzeko beharrezko iritzitako lege guztiak aurkezten jarraituko dugu, agerian utziz kosta ahala kosta Soria jaunaren energia-ondarea iraunarazteko daramaten estrategia, energia berriztagarriak geldiaraziz eta energia zikinetan oinarritutakoa” esan du Martinezek, Unidos Podemoseko energia-batzordeko bozeramaile ondokoak.
Gaur egun, Ministerioaren beraren iturrien arabera, Energia, Turismo eta Agenda Digitaleko Ministerioak emandako hidrokarburoen hobiak ikertzeko 30 baimen baino gehiago daude, eta eskatutako hogeiren bat baimen gehiago. Haatik, enpresak ez daude behartuta fracking teknikak erabiliko dituzten edo ez esatera putzua zulatzen den arte. Eraginpean hartutako lurralde nagusiak Euskadi, Kantabria, Katalunia eta Burgos dira.