Kursaaleko fatxada publizitate-pantaila erraldoi bihurtzeko asmoa salatzen dugu

Loïc Alejandro Irabazi Donostiako zinegotzi berdeak eta Amaia Martin haren udal-taldeko kideak salatu dute Kursaal Auditorio eta Kongresu Jauregiko Administrazio Kontseiluak eraikinaren mendebaldeko fatxada publizitate-pantaila erraldoi bihurtzeko agertu duen asmoa.
Bozeramaileen Batzarrean udal-taldeei aurkeztu zitzaien dokumentuaren arabera, Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak integratutako Kursaaleko Administrazio Kontseiluak 1.260 m²-ko publizitate-pantaila bihurtu nahi du eraikinaren mendebaldeko fatxada, 400.000 euroko aurrekontuarekin gutxi gorabehera.
Erabaki hori hartzeko argudiatzen dute egungo argiztapenaren ordez gutxiago kontsumitzen duten LED lanparen bidezko beste bat jarriko dela, eta horri esker, gainera, aldaketak modu automatizatuan egiteko aukera izango dela, orain bezala eskuz egin beharrean. Entregatutako dokumentuaren arabera, aldaketa horrek ahalbidetuko du eraikinaren barruan egin daitezkeen ekitaldien irudia edo marka jakitera ematea; ekitaldien babesleak ezagutzera ematea; erakunde-kanpaina, ospakizun zein kausa sozialetarako euskarri digital izatea; edo hainbat ekitaldiren –Kontxako estropaden bandera edo Behobia-Donostia adibidez– jarraipena egitea.
Irabazi Donostiak ohartarazi nahi du Kursaal eraikin babestua dela, eta beraz, “onartezina dela eraikin publiko enblematiko eta babestu baten fatxada pribatu bihurtzea hiriko ekitaldi nagusiak babestu ohi dituzten marka komertzial handien edo eraikina beren biltzarretarako erabiltzen dutenen zerbitzuan. Horrek beste behin ere agerian uzten du Udala eta Foru Aldundia gobernatzen dutenentzat (EAJ eta PSE) den-denak ekonomiaren zerbitzuan egon behar duela”.
Alejandrok azpimarratu du “hori ez dela Irabazi Donostiako kideok defendatzen dugun hiri- eta gizarte-eredua . Onartezina da espazio publikoa kontsumo masiboaren zerbitzuan jartzea, eta horretarako, dagokion araudia ere ez betetzea”.
Azkenik, bi zinegotziek EAJri eta PSEri ideia hori bertan behera uzteko eskatu diete, “ez dugulako nahi Kursaal Gipuzkoako Times Square bihurtzea”.