Gardentasun handiagoa eskatzen dugu foru-aldundiekiko Nazioartekotzearen Euskal Partzuergoaren Hitzarmenean

·         Esparru-hitzarmenaren 8. klausulak ezartzen duenez, hitzarmen hori egikaritzearekin zerikusia duen informazio guztia konfidentziala izango da

·         “Gai horretan herritarrek eskubidea dute beren zergak nola, non eta zertan inbertitzen diren jakiteko”, adierazi du José Ramón Becerra legebiltzarkideak.

EQUOk Elkarrekin Podemosen duen legebiltzarkide José Ramón Becerra jaunak euskal Ganberari eskatu dio hiru foru-aldundiekiko Nazioartekotzearen Euskal Partzuergoaren esparru-hitzarmenean ezarritako konfidentzialtasun-klausula ken dezan.

8. klausulak ezarritakoaren arabera, hitzarmen hori egikaritzearekin zerikusia duen informazio guztia konfidentziala izango da, eta aldeak behartuta daude informazio hori isilpean gordetzera eta hirugarrenen esku ez jartzera.

EQUOko kideok uste dugu gizartea benetan demokratikoa izan dadin gobernatutako herritarrek beren gobernatzaileak ikuskatzeko ahalmena ere eduki behar dutela. “Legea nagusitu behar da kontratu-klausulen gainetik. Esparru-hitzarmen horretan ezarritako konfidentzialtasun-klausula hori onartezina da guretzat. Gai horretan herritarrek eskubidea dute beren zergak nola, non eta zertan inbertitzen diren jakiteko”, adierazi du José Ramón Becerra legebiltzarkideak.

Administrazio publikoen arteko kontratuen baterako finantziaziorako esparru-hitzarmen baten barruan dago klausula hori, eta esan beharra dago laguntza publikoen programa bat jomugan duten funts publikoak baino ez direla aipatzen hitzarmen horretan.