Legazpi ere Garoñaren aurka eta energia berriztagarriaren kontratazio publikoaren alorrean aurrera egitearen alde

  • Legazpiko Udalak, Irabazi Legazpi alderdiko zinegotzi berde Alberto Bezunartearen ekimenez, “Garoñarekin moztu” kanpainari heldu dio

Duela aste batzuk Bergarako Udalak egin zuen bezala, Legazpiko Udalak konpromisoa hartu du jatorri berriztagarria duen energiaren kontratazioari dagokionez aurrera egiteko eta energia-hornidura atalka zatikatzeko aukerarik ote dagoen aztertzeko, jatorri berriztagarria duen energia berdea (% 100ean egiaztatua) soilik hornitzen duten enpresa merkaturatzaile txikiekin kontratuak egin ahal izateko.

Irabazi Legazpi alderdiko zinegotzi berde Alberto Bezunarteak aurkeztutako neurri hori, Garoñako zentral nuklearra behin betiko ixtearen eta eraistearen aldeko mozioan bildutako beste hamar neurriz gain, aurrera atera da martxoko Osoko Bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren.

Mozio horretan Espainiako Gobernuari eskatzen zaio, halaber, energia-trantsizio bati ekiteko eredu berri bat lortzeko, epe laburreko, ertaineko eta luzeko agertokiak ezarriz, protagonista nagusiak energia berriztagarriak, aurrezpena eta energia-eraginkortasuna izanik. “Oso garrantzitsua da norabide horretan egiten den urrats bakoitza. Energia berriztagarriak garbiak, merkeak eta seguruak dira, tokiko enplegua sortzen dute eta energia-autosufizientzia lortzen laguntzeaz gain, klima-aldaketaren aurka borrokatzen laguntzen dute”, adierazi du Irabazi Legazpiko EQUOko zinegotziak.

Energia berriztagarriei babesa emateko eta energia nuklearren aurka egiteko hartutako konpromiso hori agerian jartzeko, Udalak, ikusteko modukoa den leku batean, Legazpitik Garoñaraino, Txernobyleraino eta Fukushimaraino dauden distantziak adieraziko dituen errotulu bat jarriko du.