-
Alderdi berdeak bat egin du larunbatean Planetaren Ordua nazioartean ospatzeko egingo den ekimenarekin.
-
Besteak beste, mugikortasun mota jasangarriagoak sustatzea, energia berriztagarriak bultzatzea edo hurbiltasun-merkataritzaren eta produkzio ekologikoaren aldeko apustua lagungarri izango lirateke klima-aldaketari aurre egiteko.
Atmosferarako emisioak nabarmen murriztea ahalbidetzeko politika gehiago eskatzen ditu alderdi berdeak. EQUOk eskaera hori egin nahi izan du larunbatean Planetaren Ordua ospatzen dela aprobetxatuz. WWF erakundearen ekimen horrek gonbidatzen gaitu 20:30etik 21:30era bitarte edozein aparatu eta/edo sistema elektriko sare elektrikotik deskonektatzera, keinu erraz horrek energia-kontsumorako eta emisioak murrizteko zenbaterainoko eragina duen erakusteko.
EQUO erakunde-eskala guztietan lan egiten ari da emisioak murrizteko eta Parisko Akordioaren helburuak betetzeko lagungarri diren politikak bultzatzeko.
Euskadin, alderdi berdeak uste du Eusko Jaurlaritza ez dela behar adina ahalegintzen klima-aldaketaren aurkako borrokan. “Eusko Jaurlaritzak energia-alorreko estrategia egokirik ez duela uste dugu. Gobernuak energia fosilak sustatzen jarraitzen du, eta orain ezinbestekoa eta premiazkoa da energia garbi eta berriztagarrien aldeko apustu irmoa eta inbertsio-ahalegina egitea. Ez dezagun denbora eta diru gehiago alferrik galdu lur azpiko bilaketetan, gainaldean behar adina baliabide dauzkagu-eta”, adierazi du EQUO Euskadiko bozeramailekide eta Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide José Ramón Becerra jaunak.
Planetaren Ordua Sidneyen hasi zen 2007an, eta harrez geroztik 160 herrialdetako 7.000 hiri eta herri baino gehiagoren eta milaka enpresa, ikastetxe eta erakunderen parte-hartzea lortu du.