- Podemosek, EBk eta EQUOk osatutako Elkarrekin Podemos legebiltzar-taldetik, legebiltzarkide berde José Ramón Becerrak, bere taldekideek lagunduta, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen osoko zuzenketa –Eusko Legebiltzarrean erregistratuta dagoena– aurkeztu du hedabideen aurrean eman duen prentsaurrekoan, joan den astean iragarri zuen bezala, Aspiazu sailburuak negoziazioak eten ondoren.
Elkarrekin taldeak osoko zuzenketa honetaz gain, aurrekontuko 1.590 MM € inguruko partidei egindako beste 450 zuzenketa partzial ere aurkeztu ditu. Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontuko 8 eurotik 1 zuzendu da. Gainera, Sail guztiei eta erakunde autonomo nahiz erakunde eta sozietate publiko askori aurkeztu zaizkie zuzenketak.
Bestalde, legebiltzarkide berde José Ramón Becerrak Ingurumen Sailaren partidei buruz aurkeztutako zuzenketa partzialak nabarmendu ditu: “Legebiltzar-batzordeetan landu ditugun gaiek beren zuzenketa daukate, Forondako aireporturako proiektatutako VIAParen aurka erregistratutakoa, Donostialdeko pasanteari egindako zuzenketa, Abiadura Handiko Trenaren kostuei egindakoa edo Zadorran uholdeei aurrea hartzeko planetara eta Airaldearen saneamendura bideratutako obra hidraulikoen igoerari egindakoa. Espero dezagun Jaurlaritza irekita egotea aldaketa hauek egiteko.
Zuzenketa sorta honekin, Elkarrekin Podemosek herritarrei erakutsi nahi die egin daitekeela beste aurrekontu bat:
-
Aurrekontu sozialago bat; familiei eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei bideratutako partidak % 8 igo ditugu aurrekontu honetan. Bereziki, % 7 igo dira hezkuntzako partidak (7 MM € gehiago unibertsitateaz kanpoko beketarako), % 425 berdintasunerako partidak (generoa, immigrazioa…), % 10 diru-sarrerak bermatzeko errenta (37 MM €) eta % 18 gizarte-politikekin lotutako beste partida batzuk.
-
Aurrekontu bidezkoago bat; diru-laguntza nominatiboen partidak (4 MM €) eta sektore publikotik eremu pribaturako kapitalaren transferentzia diskrezionalak (15 MM €) murrizten baititugu. Gainera, hezkuntza-arloko gastuaren igoera hezkuntza publikoaren mesedetan egin da (+3,5 MM € EHUrako, +1 MM € udal-eremuko haur-hezkuntzarako, +1 MM € heziketa-proiektuetarako…).
-
Aurrekontu arrazoizkoago bat, ia 30 MM € berreskuratu ditugulako zerbitzu publikoaren kalitateari gutxien eragiten dioten partidak berrikusiz, hala nola protokolo-gastuak, dietak, propaganda, publizitatea edo segurtasun pribatua. Era berean, 3,5 MM € murriztu ditugu goi-kargudunen soldata-partidak. Eta horien truke 2 MM € sartu ditugu langile lan-kontratudun kopurua edo funtzionario kopurua handitzeko (Laneko Ikuskatzailetza eta Osakidetza).
-
Herritarren eskaerak kontuan gehiago hartzen dituen aurrekontu bat; izan ere, herritarren babesa ez duten inbertsio batzuk geroratu ditugu, hala nola Gasteizko gas-prospekzioak, Donostiako pasantea, Leioako tranbia edo Forondako VIAPa. Guztira, 18 MM €; diru-kopuru hori ekonomia produktiboan berrinbertitu dugu (9 MM € obra hidraulikoetarako eta ikerketarako), baita kultura-arloko hainbat enplegu-planetan eta udalerrietan ere (5,2 MM €).
-
Abiadura Handiko Trenari dagokionez, proposatzen dugu eraikitzen ari diren zatiekin lotutako gainkostuei dagokien 135 MM €-ko ordainketa geldiaraztea (2017rako aurrekontuan bildutakoaren ia % 40), baita oraindik hasi gabe dauden zatiak geroratzea ere (50 MM €) obrak zer baldintzatan ari diren lizitatzen eta proiektuaren errentagarritasun soziala ikuskatu arte.
Zuzenketa sorta hau aurkeztuz, Elkarrekin Podemosek honako hau erakutsi nahi dio Jaurlaritzari, badagoela aukera aurrekontu sozialago bat onartzeko gastuaren mugak gainditu gabe eta Eusko Jaurlaritza nahitaez zorpetu gabe eta gehiago dutenek gehiago ordaintzera bideratuta dagoen fiskalitatearen erreforma batek ahalbidetuko zukeela gastu sozialeko eta inbertsio produktiboko partidak nabarmen handitzea, eta horrek, azken batean, kalitate handiagoko enplegu gehiago sortzea ahalbidetuko zuen.