Loïc Alejandro Irabazi Donostiako (Ezker Anitza-IUk, EQUOk eta independenteek osatutako plataforma) zinegotzi berdeak balioespen positiboa egin du Arrokako frontoiari buruzko kontsultan izandako parte-hartze handiaren inguruan. “Bozkatzeko eskubidea zutenen % 49,8k bozka eman dute. Horrek esan nahi du herritarrek ondo ikusten dutela gai jakin batzuen inguruan zer iritzi duten galdetzea, eta hori oso kontuan hartzekoa da; hobe genuke ez ahaztea. Kontsulta horrekin, herritar guztiak irten gara garaile”.
Plaza bat egitearen aldeko botoak emandako boto guztien % 57,8 izan dira; % 41,5ek, aldiz, frontoia mantentzearen aldeko botoa eman dute.
Arrokako frontoiari buruzko kontsulta horretarako, Herri Partaidetzako Departamentuak informazio gehiago eman du, prozesu seguruagoa eta gardenagoa antolatu du eta boto-zenbaketa publikoa egin du. “Dena hobeto egin daiteke, baina herritarrei iritzia galdetu izana aurrerapauso garrantzitsua da, eta beste behin ere argi geratu da logika hori egokia dela” adierazi du Alejandrok. EQUOk Irabazin duen zinegotziaren iritziz, “oraingo honetan Gobernua ondo aritu da, Karlos I.aren kaleko pasabideari buruzko kontsultak hainbat kritika jaso ondoren prozesuan bermerik ez zela izan esanez”.
Irabazi Donostia udal-taldeak kontsulta egitearen aldeko jarrera eduki du betidanik, baina lehentasuna adostasuna bilatzeari eman behar zaiola ahaztu gabe.