EQUO Euskadik pozez jaso du ETAren behin betiko armagabetzearen iragarpena

Hainbat hedabidek jakinarazi dutenaren arabera, ETAk, komunikatu baten bitartez, datorren apirilaren 8an armagabetzeari ekingo diola eman duen berriaren aurrean, EQUO Euskadik adierazi nahi du pozik dagoela iragarritako urratsarengatik, horrek esan nahi baitu talde terrorista eta talde horren indarkeriazko ekintzak –horrenbesteko sufrimendua eragin dutenak– behin betiko desagertzeko bidean beste aurrerapauso bat emango dela.

EQUO Euskadiren ustez, talde terroristaren erabaki horrek bake-prozesua eta bizikidetzaren normalizazioa finkatzen lagundu beharko luke, eta horrekin batera, euskal presoak euskal espetxeetara hurbildu beharko lirateke eta egindako kaltea onartu beharko litzateke. Ildo horretan, EQUO Euskadik berriro esaten du espetxe-politika aldatzea bezain ezinbestekoa dela indarkeria erabili zutenek eta bide negargarri horretan lagundu zietenek autokritika egitea eta egindako kaltea erreparatzea.

Hala eta guztiz ere, alderdi berdeak zuhurtziaz hartu du berria eta Eusko Jaurlaritzari eta Gobernu zentralari ez ezik, nazioarteko erakundeei ere eskatzen die ETAk iragarritako mugimendua egiazta dezatela.

Era berean, Gobernu zentralari gogorarazten dio prozesu hori errazteko betebehar politiko eta morala duela, betiere Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.