- Udalberrik erreklamatzen dugu Bilbok bat egin dezala Zarautz eta Eibarrekin, eta ez dezala utzi azafatak egotea Euskal Herriko Txirrindulari Itzuliko podiumean
Datorren apirilaren 6an Euskal Herriko Txirrindulari Itzulia Bilbora iritsiko da, eta une egokia da emakumeak podiumean sexu-objektu soil gisa erabiltzea bertan behera uzteko.
Txirrindularitza kirol aitzindarietako bat da ezkutuko indarkeria matxista modu honi amaiera emateko urrats bat egiten. Horrela, Australiako Tour Down Under ospetsua izan da podiumetan azafaten presentzia ezabatu duen eliteko txirrindularitzako egutegiko lehen proba. Zarautz eta Eibarko udalek ere neurri hori onartu dute.
UdalBerriko bozeramaile Carmen Muñozen ustez, ez dago zalantzarik kirol-eremua matxismoaren azken esparruetako bat dela: “Onartezina da kirol-ekitaldietan egiten den emakumeen erabilera hori, sexu-objektu apaingarri gisa erabiltzen baitituzte. Hilabete eskas falta da Euskal Herriko Txirrindulari Itzulia gure herritik igarotzeko, eta jada garaia da Bilbok emakume asko iraintzen gaituzten horrelako jardunak ezaba daitezen eskatzeko, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerantz ematen diren aurrerapausoak geldiarazten dituzten estereotipo sexistak iraunarazten dituztelako“.
Martxoko osoko bilkuran Podemos, Ezker Anitza eta EQUOk osatzen dugun koalizioak Udal Gobernuari eskatuko diogu Bilboko kirol-ekitaldi eta -lehiaketa guztien antolatzaileei, baita babesleei ere, podiumetan edota ekitaldia edo lehiaketa egiten den beste edozein unetan emakumeak publizitate-bitarteko eta sexu-objektu soil gisa gehiago ez erabiltzeko.