- Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak Mendebaldeko Saharari buruz emandako epaia errespetatu eta bete dadin eskatzen da
- Adierazpena EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearen bitartez hedatuko da, udaletan ahalik eta babes handiena biltzeko
EQUOko eurodiputatu eta Europako Parlamentuko Magrebeko Ordezkaritzako kide Florent Marcellesik otsailaren 21ean Eusko Legebiltzarreko “Bakea eta Askatasuna Mendebaldeko Sahararentzat” taldeartekoarekin egindako bileraren ondoren, alderdi guztiek Mendebaldeko Sahararen aldeko erakunde-adierazpen bat adostu dute eta Legebiltzarrak onartu egin du.
Testuak Marcellesik aurkeztutako proposamen bat hartu du oinarritzat, eta bertan Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak 2016ko abenduaren 21ean Mendebaldeko Saharari buruz emandako epaia errespetatu eta bete dadin eskatzen da. Europar auzitegiak epaitza eman zuen Mendebaldeko Sahara ez dela Marokoko Erresumaren parte adieraziz, eta horrek esan nahi du Europar Batasunaren eta Marokoren arteko merkataritza-akordio bakar bat ere ez dela aplikagarria Mendebaldeko Saharan, eta ezin dela inolako merkataritza-jarduerarik ezarri edota bere natura-baliabiderik esportatu Saharako herriaren baimenik gabe.
“Eusko Legebiltzarraren babesa emateko erakunde-adierazpena Saharako herriak lortu duen beste garaipen bat da, gaur egun legea bere alde duelako. Pozik gaude euskal alderdi politikoek Europar Batasunaren organo juridiko gorenaren erabaki bat zehatz-mehatz aplikatzea nahitaezkoa dela onartu dutelako. Gure betebeharra da erakundeetatik erabaki hori praktikan jartzea eta herritarrei horren berri ematea berehala eta modu egokian aplika dadin”, adierazi du Marcellesik
Bestalde, Eusko Legebiltzarreko EQUOko kide José Ramón Becerrak, Europako, Espainiako eta Euskadiko konpainiek egiten duten Mendebaldeko Saharako natura-baliabideen ustiapenari dagokionez kezkatuta dagoela adierazi du, gai hori nazioarteko eta Europako zuzenbidearekin kontraesanean legokeelako. “Enpresa horiei dei bat egin nahi diegu nazioarteko eta Europako zuzenbidearen arabera jardun dezaten eta Marokok egindako Mendebaldeko Sahararen okupazioa eta bere natura-baliabideen ustiapena betikotzen lagun dezaketen jarduerak ez ditzaten egin”, adierazi du Becerrak.
Adierazpenaren aldeko babes handiagoa lortzeko eta epaiaren edukiari buruz informatzen jarraitzeko hurrengo urratsa EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearekin harremanetan jartzea izango da, adierazpena ahalik eta udal kopururik handienera helarazteko, testuarekin bat etor daitezen.