Beharrezkoa da Donostiako Udalak berdintasun-ordenantza bat edukitzea, alor horretako udal-politikei maila eta egonkortasun handiagoa emateko, hirigintza-, ingurumen- edo kultura-arauekin gertatzen den bezala. Ez da zerbait berria, Euskadiko zenbait udalek badute horrelako ordenantza bat. Tolosa izan zen aitzindari, eta Donostia izan liteke horrelako ordenantza bat duen Euskadiko lehen hiriburua.
Horregatik, Irabazi Donostiako kideok erabaki dugu proposamen hau aurkeztea.
Berdintasun-ordenantza bat edukitzeak suposatzen du edozein udal-gobernu, haren joera politikoa eta unean uneko egoera edozein izanik ere, ordenantza betetzera behartuta dagoela. “Gauzatu beharreko jardun guzti-guztietan kontuan hartu beharko da, eta berdintasuna ezin izango da krisi ekonomikoen, Udalaren agintean daudenen borondate politikoaren edo beste edozein faktoreren mende egon”, adierazi du Loïc Alejandrok, EQUO Euskadik Irabazi Donostian duen zinegotziak.
Ez gara inondik inora hutsetik abiatuko, ordenantzan bildutako alderdietako asko lehenagotik ezartzen ari direlako, beste udal batzuen bultzada politikoari eta berdintasun-teknikarien lanari esker.
Berdintasuna beste gai batzuen maila berean jartzeko borondate politikoaren emaitza izango litzateke ordenantza, eta lehendik ere horren alde egindako lanaren isla aldi berean. Emakumeen aurkako desberdintasuna eta diskriminazioa fenomeno unibertsala eta egiturazkoa dela eta hiriko emakumeongan ere bere eragina baduela onartzea da abiapuntua.