- Irabazi Udal Taldeak nahi du Bergarako Udalak Bartzelonaren eredua jarrai dezala.
Irabazi Ganar Bergara taldeak hurrengo Osoko Bilkuran eztabaidatzeko mozio bat aurkeztu du. Mozio horretan zera eskatzen da, Garoña desmantelatzea eta energia berriztagarriaren kontratazio publikoan aurrera egitea oligopolio elektrikoarekin zerikusirik ez duten enpresa merkaturatzaileen bidez.
Ekimen horretan Udalari eskatzen zaio energia-hornidura atalka zatikatzeko aukerarik ote dagoen azter dezala, jatorri berriztagarria duen energia berdea (% 100ean egiaztatua) soilik hornitzen duten enpresa merkaturatzaile txikiekin kontratuak egin ahal izateko. “Energia berriztagarriak garbiak, merkeak eta seguruak dira, tokiko enplegua sortzen dute eta energia-autosufizientzia lortzen laguntzeaz gain, klima-aldaketaren aurka borrokatzen laguntzen dute”, adierazi du Irabazi Bergarako EQUOko zinegotzi Aiert Lizarraldek.
Irabazik pentsatutako neurri hori hartu dute dagoeneko Bartzelonan eta Ezker Anitza-lUk, EQUOk eta Independenteek osatutako taldeak Bergaran ere Bartzelonan hasitako urratsei jarraitzea nahi du.
Era berean, eskatzen dute Bergarako Udalak http://www.garonarekinmoztu.net/es/manifiesto “Garoñarekin moztu” webgunean jasotako agiria sina dezala eta kanpaina udal-webgunean argitara dezala. “Halaber, herriko leku batean –ikusteko modukoa den leku batean– Bergaratik Garoñaraino, Txernobyleraino eta Fukushimaraino dauden distantziak adieraziko dituen errotulu bat jartzea nahi dugu” esanez bukatu du Lizarraldek.