-
“Gobernuak aurrera egiten badu zentrala berriz irekitzeko prozesuarekin, Garoña behin betiko itxiko duen lege bat proposatuko diegu taldeei” adierazi du EQUOren bozeramaile eta Kongresuko ponentzia nuklearrean Elkarrekin Podemos alderdiko ordezkari den López de Uralde jaunak.
Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak oniritzia eman dio, betiere baldintzekin, Santa María de Garoñako zentral nuklearra berriz irekitzea ahalbidetuko lukeen irizpenari. Oniritzia eman du, baina hala ere, denbora honetan guztian NUCLENORrek ez ditu bete Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak berak eskatutako baldintzak, zentralaren diseinua aldatzeari eta segurtasunari dagokienez.
“Onartezina da; izan ere, egiaztatuta dago Garoñak ez dituela baldintzak betetzen eta, hala ere, berriz irekitzea onartu da” adierazi du Juantxo López de Uralde EQUOko diputatu eta ponentzia nuklearrean Elkarrekin Podemos alderdiaren ordezkariak. “Garoña zentral zaharkitua eta arriskutsua da, baina industria nuklearra Garoña ahari-buru moduan erabiltzen ari da, nuklearren bizitza luzatuko duen atea zabaltzeko. Zentralak ez ditu egin eskatu zaizkion aldaketak diseinuan, eta hori nahikoa arrazoi zen irizpena negatiboa izateko, baina oraingoan ere, Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak nuklearren interesen arabera egokitu du legea”
Aldeko 4 bozka eta kontrako bozka 1 izan ditu eta, beraz, Kontseiluak onartu egin du zentrala berriro ere martxan jartzeko aukerari atea zabaltzen dion txostena; dena den, azken erabakia Energia Ministerioak hartu behar du eta Ministerioaren titular Álvaro Nadal jaunak atzo adierazi zuenez, edozein zentral berriz ireki baino lehen eskualdeekin, enpresekin eta talde ekologistekin kontsulta egingo du.
Alabaina, Elkarrekin Podemos alderditik zera gogorarazi nahi diogu ministroari, Parlamentuan gehiengo handi bat zentral zaharkitu hori behin betiko ixtearen alde dagoela eta hori lortzeko ekimen parlamentarioak egiteko prest daudela. “Parlamentuko gehiengoak argi adierazi izan du behin eta berriz Garoña berriz irekitzearen aurka dagoela, eta gobernuak ez dio jaramonik egiten. Orain, gehiengo hori aktibatu egin behar da zentrala berriz ireki ez dezaten eta eskura dituen bide guztiak baliatu beharko ditu horretarako; horregatik, Industria Ministerioak zentzugabekeria horrekin aurrera egitea erabakitzen badu, Garoña behin betiko itxiko duen lege bat proposatuko diegu gainerako taldeei” esan du López de Uralde jaunak.
Bestalde, EQUO Euskadik Elkarrekin Podemos alderdian duen legebiltzarkide José Ramón Becerra jaunak esan du erabaki hori ez dela ezustekoa. “Espero zitekeen zerbait da. Orain erabakia politikoa da. EAEko PP, PSE eta EAJ alderdiei eskatzen diegu beren ate birakariak herritarren alde mugi ditzatela, ez interes ekonomikoen alde”.