Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren presidenteak kargua uzteko eskaeraren aurrean neurriak hartzeko eskatuko dio Gobernuari López de Uralde jaunak

  • Elkarrekin Ahal dugu alderdi barruko EQUOren diputatuak galdera bat erregistratu du, Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren (SNK) presidente Fernando Martí jaunak kargua uzteko eskaeraren aurrean Gobernuak zer neurri hartuko dituen jakin nahi duelako; izan ere, Arabako 17 udalerrik eskatu dute haren kargu-uztea.
  • Martí jaunak karguaren jardueran izan duen “opakutasun eta partzialtasun frogatuarengatik” eskatu dute haren kargu-uztea, Santa Maria de Garoñako zentral nuklearra berriz irekitzearekin lotuta.

EQUOren bozeramaile federal eta Elkarrekin Ahal dugu alderdiko diputatu Juantxo López de Uralde jaunak neurriak hartzeko eskatu dio Gobernuari; izan ere, Arabako alkateen heren batek –51 udalerritatik 17k– sinatu baitu Fernando Martí Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren (SNK) presidentearen kargu-uztea eskatzeko agiria. López de Uralde jaunaren ustez, eskaera horrekin berriro ere frogatuta dago ez erakundeek, ez herritarrek ez dutela konfiantzarik SNKrekin, organo horrek konpainia elektrikoen interes politiko eta partikularrei ematen baitie lehentasuna herritarren osasunaren eta segurtasunaren gainetik.

Udalerri horien arabera, Martí jaunak “opakutasunez” jarduten du karguan eta “partzialtasunez” jokatu du Santa María de Garoñako zentral nuklearra berriz irekitzeko aukerari dagokionez. “Gobernuak errejidore arabar horien erreklamazioa aintzat hartuko ote duen jakin nahi dugu, baina horretaz gain, kargu-uzteko eskaera horren aurrean zehatz-mehatz zer neurri hartuko dituen ere jakin nahi dugu”, esan du Juantxo López de Uralde jaunak. EQUOren bozeramailearen ustez, Garoña “proba-bankua izango da, parke nuklearraren bizitza 60 urtera arte luzatzeko”.

Diputatuak Legez besteko proposamena aurkeztu zuen duela zenbait aste Kongresuan; bertan, zentral nuklearrak arian-arian ixteko proposatu zuen, ustiapen-baimenak iraungi ahala. Zehazki, Elkarrekin Ahal dugu alderdiak honako egutegi hau proposatu du zentral nuklearrak ixteko: Garoña, berriz ez irekitzea; Almaraz I, 2020; Almaraz II, 2020; Ascó I, 2021; Cofrentes, 2021; Ascó II, 2021; Vandellós, 2020; eta azkenik, Trillo, 2024.