EQUO, Ezker Anitza eta Independienteek osatzen duten Irabazi Bergara alderdiak gaitzetsi egin ditu Gipuzkoako herri horretako Gobernuak 2017rako onartu dituen aurrekontuak, eta udal-politikak errotik alda daitezen eskatu du, hurrengo aurrekontuei begira.
Irabazi Bergarako EQUOko zinegotzi Aiert Lizarralderen ustez, EAJ-PSE alderdiek onartutako kontuak “makillajea” baino ez dira, herrian dagoen errealitatea estaltzeko. “Gizarte Zerbitzuen departamendua herritarrez gainezka dago, baliabideen eske doazen herritarrez gainezka, eta udalak konponbiderik ematen ez dienez, Cáritasera edo Elikagai Bankura jo behar izaten dute. Ezkutuko pobrezia dago”, kexu da zinegotzi berdea.
Alderdiaren ustez, honako gai hauek izan behar zuten 2017rako aurrekontuen jarduketa-ardatzak: enplegua, etxebizitza, energia-burujabetza, ura, elikadura, mugikortasuna eta biodibertsitatea. “Bergararren bizi-baldintzak hobetzera eta merkatzera bideratutako kontuak diseinatzeko aukera galdu dugu oraingoan ere”.
Aitzitik, udaleko gobernu-taldeak herritarren benetako arazoen aurrean ezikusiarena egitearen alde egin du eta “esleipen irrigarriak” dituzten aurrekontuak prestatu ditu. Lizarralderen arabera, kontu horiek “auzoetako herritarrak bigarren mailako herritar izatera kondenatzen dituzte, zerbitzuen gabezia handia izango baitute; kultura-arloan herri pobreagoa izango gara: ez dugu enpleguko plan integralik izango; gure gazteek ezin izango dute etxebizitza bat eskuratu eta ingurumena bost axola, nahiz eta hori guztia biziki garrantzitsua izango den epe ertain-luzera”.
Horregatik guztiagatik, Irabazi Bergara alderdiak 2017rako aurrekontu horiek baztertzen ditu, herriarentzat negatiboak direlako.