Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide eta Equoko ordezkari José Ramón Becerrak Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkuran defendatu duen legez besteko proposamen batean, eskatu du SOS Deiak erakunde autonomoa eratzeko, Larrialdi Deien Arretarako Zerbitzuko plantilla subrogatzeko eta plantilla horren izaera euskal administrazioko langile lan-kontratudunenarekin parekatzeko.
Azkenean, proposamena adostu egin da. Behin betiko testuan, SOS Deiak-112 zerbitzua Administrazio Orokorraren egituran txertatzearen egokitasunari eta bideragarritasun ekonomikoari buruzko azterlan bat egiteko eskatzen da.
Halaber, zerbitzuaren baldintzen agirian egungo langileak subrogatzeko eta plantilla gehitzeko (era horretan zerbitzuaren kalitatea bermatzearren) klausulak kontuan har daitezen eskatzen da. “2010. urtean, 10-14 pertsonak ziharduten zerbitzuan, hiru hiriburuetan banatuta. Gaur egun, berriz, 5-9 pertsonak dihardute, hau da, ia erdia. Operadore bakoitzak sei minutuan behin erantzun behar dio dei bati, eta erantzun egokia eman behar du hurrengo deia jaso aurretik. Horrek eragindako estresa eta erantzukizuna ez daude errekonozituta eta ordainduta. Elkarrekin Podemosen ustez, zerbitzu publiko horretan lan-baldintza duinak dituzten pertsonek jardun behar dute”, adierazi du José Ramón Becerrak.
Klausula horietan, baja eta ordezpenetarako lan-poltsa bat sortzeko eta lan-baldintzak zerbitzuaren berezitasunetara egokitutako hitzarmen baten araberakoak izateko eskakizuna islatu beharko da. “Teleoperadore batena baino askoz erantzukizun handiagoa dakarten gauzetan lan egiten badute ere, gaur egun telemarketinaren hitzarmena aplikatzen zaie. Ez da ohiko telefono-zerbitzu bat. Langile horien eguneroko lana lagungarria da euskal herritarren ongizate eta segurtasunerako”, azpimarratu du Becerrak.
Era berean, Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu beharko dio SOS Deiak-112 zerbitzuko langileei egiten duten lanaren berezitasuna egiaztatuko duen ziurtagiri profesional bat emateko.