- Adierazi du PP azken urteetan zentral nuklearrei egindako eskakizunak murrizten ari dela haien funtzionamendua luzatu ahal izateko
- Alderdi ekologistak PSOE eta Ciudadanos alderdiei eskatu die emandako hitza bete dezatela eta zentrala berriz ireki dadin eragotzi dezatela
EQUOren bozeramaile Juantxo López de Uraldek gaitzetsi egin du Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren (CSN) zuzendaritza teknikoak Burgosko Garoñako zentrala berriz irekitzeko aukera abalatuko duela iragarri izana. Uste du erabakia % 100 politikoa dela, PPk bultzatu duela, CSNren osoko bilkura kontrolatzen duelako eta azken urteetan zentral nuklearrei egindako eskakizunak murrizten ari dela haien funtzionamendua luzatu ahal izateko, betiere segurtasuna murriztuz eta ingurumena kaltetuz. “Garoña erabili dute aurrekari bat ezartzeko. Burgosko zentralarekin, gainerako zentral nuklearren biziraupena luzatzeko bidea erraztuko dien formula garatu dute. Ixteko epeak ezarri ere ez dituzte egin. Hori ez zen orain arte inoiz gertatu. Noiz arte izango dute irekita, eztanda egin arte? Zentzugabea da.”, adierazi du López de Uraldek.
EQUOren bozeramaileak PSOE eta Ciudadanos alderdiei eskatu die emandako hitza bete dezatela eta zentrala berriz ireki dadin eragotzi dezatela. “Alderdi horiek berriz irekitzearen aurka agertu dira. Balia dezatela euren bazkide-izaera eta eska diezaiotela PPri Garoñaren itxiera, legebiltzarreko gehiengoak eskatzen duenari jarraikiz. Bete dezatela emandako hitza”.
López de Uraldek, gainera, azpimarratu du PP Nuclenorren esku uzten ari dela “oso boteretsua” den tresna bat, hots, lortu gabeko irabazia, Garoña irekitzen ez bada herritar guztiak Nuclenorri ordaintzera behartuko dituena. “Nuklearrak euren biziraupenaren azken fasean daude, eta elektrizitate-enpresek etekinak azken uneraino ustiatu nahi dituzte. Eta PP hori egiteko erraztasunak ematen ari zaizkie”.
Unidos Podemoseko diputatuak Legez Besteko Proposamen bat aurkeztu du Kongresuan, proposatuz zentral nuklearrak itxi egin behar direla beren ustiapen-baimenak muga-egunera iristen diren heinean, hau da, itzalaldi nuklearra 2024. urtean. Unidos Podemosek proposatzen duen itxiera-egutegi zehatza honako hau da: Garoña, berriz ez irekitzea; Almaraz I, 2020; Almaraz II, 2020; Ascó I, 2021; Cofrentes, 2021; Ascó II, 2021; Vandellós, 2020; eta azkenik, Trillo, 2024.
Bestalde, Elkarrekin Podemosen dagoen EQUOko legebiltzarkide José Ramón Becerrak datorren ostegunean eskatuko du Eusko Legebiltzarrak Iberdrola eta Endesa enpresei berriz irekitzeko egin zuten eskaera bertan behera uzteko eska diezaiela.
Azkenik, EQUOk herritarrei eskatzen die Garoñaren aurkako Foroak datorren ostegunerako deitu duen elkarretaratzean parte har dezatela, 13:00etan, Eusko Legebiltzarraren aurrean; berdeen diputatu Juantxo López de Uralde bertan izango da.