Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide eta Equoko ordezkari José Ramón Becerrak galdera bat helarazi dio Ingurumen Sailari Glefaran enpresaren inguruan egindako kutsadura-neurketen emaitzei buruz.
Lantegi hori Pastguren zenaren instalazioetan dago, Bizkaiko Gueñes eta Zalla herrien artean. Duela urtebetetik hona kexa eta salaketa ugari jaso dira lantegiak zarata, kirats eta kutsadura handiak eragiten dituelako etengabe, eta egoera horren aurrean, Ingurumen Sailak airearen kalitatea neurtzeko unitate mugikor bat ipini du ingurune hartan.
Bizkaiko Foru Aldundiak Global Efficiency Aranguren –Glefaran– enpresari eman zizkion Pastguren paper-fabrika izan zenaren lurrak jarduera jasangarri bat garatzeko. Baina Güeñes Bizia plataformak bildutako informazioaren arabera, enpresak biomasaz gain, hondakinak ere erretzen ditu, hala nola berniza duten egurrak, plastikoak edo aparrak. Eta ingurune guztia kutsatzen
du, errauts eta ke toxikoekin.
Herritarrak kexu dira eta Zallako Udala ere kontra dago; Udalak udal-lizentzia kentzeko mehatxu egin dio enpresari, bai eta jarduera bertan behera uzteko aginduko diola ere. Hala eta guztiz ere, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak enpresaren Ingurumeneko Baimen Bateratua eguneratu zuen. Elkarrekin Podemos alderdiaren ustez, eskualdearen garapen ekonomikoa jarduera garbietan oinarritu behar da, ingurumena errespetatzen duten jardueretan. “Ezin da herritarren osasuna jokoan jarri”, adierazi du José Ramón Becerrak.
Legebiltzar-taldeak bat egin du Güeñes Bizia plataformak larunbat honetarako antolatu duen manifestazioarekin, eta EQUO Euskadi, IU eta Podemoseko Enkarterriko Zirkuluko ordezkariek manifestazioan parte hartuko dute.