SAREk urtarrilaren 14rako Bilbon ETAko presoen eskubideak errespetatu daitezen alde antolatu duen manifestazioa dela eta EQUO Euskadi alderdiak honako iritzi hauek adierazi nahi ditu.
EQUO Euskadi alderdi berdeak uste du PPk presoei ezartzen dien urruntze politika espetxeratuei eta euren senideei ere sufrimendua arazten dien zigorraren gaineko zigorra dela. PPk burututako erreforma legalak, Frantzian 2010 baino lehenago betetako kartzela zigorrak deskontatzea galerazteaz gain, araudi komunitarioaren izpirituaren aurka datorrela. Azkenik, Gobernuak etengabe ezetz esaten dio larriki gaixo dauden presoen zigorrak betetzeko baldintzak biguntzeari, eta neurri hori hartu beharko litzateke, oinarrizko printzipio humanitarioak errespetatzeko.
Honez gain, nabarmentzekoa da Barne Ministerioak Langraitz bidean dauden espetxeratuek eskatzen dituzten baimen eskabideei eta gradu progresioei sistematikoki ezetza ematen diela, Espainiako Konstituzioak defendatzen duen bergizarteratze arauen kontra alegia.
Bestetik, arestian EPPKrekin lotutako preso taldeak eman du azkenean pertsona espetxeratuek norbanakako kartzela-baimenak eskatu ahal izateko urratsa. Oraingoz ordea, eragindako minaren onarpena ez dute landu eta aipatu nahi. Bizikidetza berreraikitzeko ezinbestekoa den eragindako minaren aitormena, gaurkoz Langraitz bidea hartu zuten preso disidenteek baino ez dute onartu. Eragindako minaren erantzukizun onarpenari muzin egitea, eta eskubideen ikuspegi murriztuak (presoenak bai, baina beraien biktimenak ez), pertsona guztien oinarrizko eskubideak guztientzako errespetatzea bultzatu behar duen kultura jarreratik urrun dago.
Honenbestez, EQUO Euskadi alderdiaren iritziz, bai espetxe politikaren aldaketa eta baita biolentziaren zorigaitzeko bidea hartu, zein babestu dutenen autokritika eta erreparazioa lantzea ezinbestekoak dira.
Talde berdeak Langraitz bidea onartu zuten presoen inguruan batu ziren kolektiboek hasitako bidea, pertsona guztien giza eskubideak babesten dituen alternatiba zentzuzkoa dela uste du, aldi berean balore humanistetan oinarritutako bizikidetza egonkorra ahalbidetzen duena.
Aurretik esandako guztiagatik, EQUO Euskadik datorren urtarrilaren 14rako SAREk deitutako manifestazioa alderdi bezala ez babestea erabaki du. Honek ordea, ez du militanteen askatasuna murrizten deialdian parte hartzeko.