EQUO Euskadik Eusko Jaurlaritzari eskatu dio energia fosilen esplorazio-saio berriei uko egin diezaiela eta berriztagarrien alde ager dadila

  • Legebiltzarkide berde Jose Ramón Becerraren ustez Jaurlaritzaren ahalegin politiko eta ekonomikoak energia berriztagarri eta garbien iturri propioen garapenera bideratu behar dira.
  • Euskadin dauden gasarekiko alternatibek “behar adinako bultzada politikoa besterik ez dute behar errealitate atsegingarri bihurtzeko. Alternatiba horiek gabe ez da gure ekonomian benetako aldaketa lortzeko itxaropenik izango”, adierazi du.

Elkarrekin Podemosen dagoen EQUO Euskadiko legebiltzarkide Jose Ramón Becerrak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio energia fosilen esplorazio- eta ustiapen-saio berriei uko egin diezaiela eta berriztagarrien alde ager dadila. Gasteizko Udalerrian kokatuta dagoen Armentia 2 gasa erauzteko putzuaren izapidetzeari buruz EH Bilduk aurkeztu duen LBP (legez besteko proposamena) Eusko Legebiltzarrean eztabaidatu denean egin du eskaera hori.

Becerraren ustez Eusko Jaurlaritzaren ahalegin politiko eta ekonomikoak energia berriztagarri eta garbien iturri propioen garapenera bideratu behar dira eta energia fosilen edozein esplorazio-saio berri bertan behera utzi behar da behin betiko, Armentiako gas-putzuaren kasua, besteak beste. “Euskadin Armentia-2 putzuan 27 MM € lurperatu nahi diren bitartean, Alemanian jada duela hamar urte erabaki zuten 100.000 MM € Berriztagarriak Garatzeko Plan batean inbertitzea, eta plan horrek eguzkia oinarritzat hartuz elektrizitatearen produkzioan Europako lehen postuan jarri ditu eta 300.000 enplegu berri baino gehiago sortzeko aukera eman die. Plan hori Berdeak Alemaniako Gobernuko kide izateari esker onartu dela”, adierazi du Becerrak.

Legebiltzarkide berdeak azpimarratu du Euskadin dauden gasarekiko alternatibek “behar adinako bultzada politikoa besterik ez dutela behar errealitate atsegingarri bihurtzeko. Alternatiba horiek gabe ez da gure ekonomian benetako aldaketa lortzeko itxaropenik izango. Alternatiba horiei arretarik ez ematea etorkizunari bizkarra ematea da”, adierazi du.

EQUO Euskadik deitoratzen du Armentia-2 bezalako proiektuak bortxatzen ari direnak erregai fosilen sektoreko interes handiak izatea. Alderdi ekologistaren ustez iraganeko formula horiekin jarraituz gero ─berrogeita hamar gas-esplorazio baino gehiago Araban, ustiatzeko zailak eta errentagarri bihurtzeko are zailagoak diren hobi txikiak besterik ez dira aurkitu─ diru publikoa xahutzen da, jendearen osasuna, edateko ur-erreserbak eta baita nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduera ekonomiko askoren etorkizuna ere arrisku larrian jartzen dira, eta gainera gure herriak dituen energia-premiak ez dira konpontzen.

Horregatik, bere legebiltzar-taldeak, Elkarrekin Podemosek, EH Bilduk proposatu duen Armentia 2 gasa erauzteko putzuaren izapidetzea bertan behera uzteko eskaerarekin bat egin du.