Elkarrekin Podemosek sustatutako legez besteko proposamenak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio ahalik eta lasterren bidal dezan Sektore Publikoaren Gardentasunaren, Herritarren Parte-hartzearen eta Gobernu Onaren Lege Proiektua, eztabaidatu eta onartzeko.
Eusko Legebiltzarrak argi berdea eman dio Jose Ramón Becerra Elkarrekin Podemoseko EQUO Euskadiko legebiltzarkideak gardentasun-neurriei, ustelkeriaren prebentzioari eta ‘ate birakarien’ fenomenoari dagokienez sustatu eta defendatutako legez besteko lehen proposamenari.
Azkenean, proposamena egin duen Elkarrekin Podemos taldeak, eta EAJk eta PSEk, erdibideko proposamen bat adostu dute, eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diote ahalik eta lasterren Sektore Publikoaren Gardentasunaren, Herritarren Parte-hartzearen eta Gobernu Onaren Lege Proiektua bidaltzeko, ondoren eztabaidatu eta onartzeko. Funtzionamendu autonomoa eta independentea izango duen Gardentasunaren Euskal Agentzia arautuko du Lege horrek, baita Lobbien Erregistroa ere.
Euskadin jarduera publikoaren gainean egiten den kontrola sendotu nahi da horrela, kontrol horri eraginkortasun eta berme handiagoa emanez, gaur egun araudi osatugabe eta zatikatu baten bitartez egiten delako, administrazio desberdinen jarduera-erregistroak sakabanatuta daudelako. Batetik, kargu publikoen jokabide-kodea eta interes-gatazkak arautzen dituen Legearen araberako kontrolaren bitartez betetzen da zeregin hori; bestetik, foru-administrazioen jardueren eta ondare-ondasun eta -eskubideen erregistroen bitartez; eta, azkenik, toki-erregimeneko estatuko oinarrizko legeriaren eraginpeko toki-administrazioetatik; baina ezertan eragotzi gabe udalerri bakoitzak onar ditzakeen jokabide-kodeak.
Hori gutxi balitz, zaintzeko lana organo baten baino gehiagoren ardura da, eta horrek guztiak ez du errazten kargu publikoen jarduera behar bezala ikuskatzeko lana.
“Uste osoa dugu gainerako botereetatik guztiz independentea eta autonomoa izango den Agentzia bat sortzea funtsezkoa dela Euskadin gai horretan indarrean dagoen araudi zatikatuari sinesgarritasuna emateko. Urrats hori egiteak asko suposatzen du Euskadirentzat, ikasgaia justu-justu gainditzearen edo bikaintasunerako bidean aurrera egitearen arteko aldea, hain zuzen”, adierazi du Becerrak.
Hori ez ezik, erregistro publiko bat ere abian jartzea proposatu du, lobbiek euskal politikan egiten duten lana ikusarazteko aukera eman dezan, Europan egindako lanarekin bat etorriz. Proposamen hori bereziki interesgarria da Euskadiko kudeaketa publikoaren gardentasunean aurrerapen berritzaile bat suposatzen duen neurrian.