EQUO Euskadiren ustez, PNV-PSE arteko akordioa “mamirik gabeko asmo adierazpen hutsa” besterik ez da

-Elkarrekin Podemos-en alderdi berdearen biltzarkidea den Jose Ramón Becerra-ren ustez, “PSE-k EAJ-ren politiketan edukiko duen eragina Madrazok Ibarretxe-ren gobernuan eduki zuena baino askoz murriztuagoa izango da”

EQUO Euskadiren iritziz, EAJ eta PSE-ren arteko gobernua osatzeko ituna asmo adierazpen hutsa baino ez da iraunkortasunari dagokionean. Testuan ekimen eta neurri zehatzik gabeko konpromiso hutsak aipatzen dira.

Ituna karbono gutxiko ekonomiaz, fracking-a ez erabiltzeaz eta energia iraunkorrari buruzko legeaz mintzo da, baina asmo onen garapena ez dator bat -eta ez da sinesgarria- aldi berean SHESA Sociedad de Hidrocarburos de Euskadi lanean dabilenean.

Garraio iraunkorra garatzeko asmoek ere ez dute sinesgarritasunik, Abiadura Handiko Trena amaitu nahi dutelako eta beste azpiegitura sostengaezin handi batzuen alde jotzen dutelako, gizarteak azpiegitura horiek arbuiatzen dituen arren, euren kostu ekonomikoagatik eta ingurumenarentzako bere eraginagatik.

EAJ eta PSE-ren arteko akordio honek ez dauka inolako berririk jeltzaleen aurreko Gobernuak egindako politikak ikusita, eta jeltzaleek ezarritako bide beretik jarraituko du. “Hazkunde sostenigarria”-ren kontzeptuari lotuta daude oraindik ere, kontzeptua bera iraunkorra ez izan arren eta ingurumen- eta giza-lehentasun larriei erantzunik ez eman arren.

Elkarrekin Podemos-en alderdi berdearen biltzarkidea den Jose Ramón Becerra-ren ustez, “PSE-k EAJ-ren politiketan edukiko duen eragina Madrazok Ibarretxeren gobernuan eduki zuena baino askoz murriztuagoa izango da”