Gaur osteguna, alderdi ekologistak salaketa aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiko administrazioan “Gorriti eta bere animaliak” enpresak Usurbil eta Ordiziako herrietan aurrera eraman dituen ikuskizunengatik. Bigarren aldia da salaketa bat jartzen zaiola, aurrekoa orain dela hilabete jarri zitzaion Ingurumen Fiskaltza eta Eusko Jaurlaritzaren aurrean, Zestoako Arroa Beheako auzoan ospatutako oilarren arteko borrokengatik.
Alderdi ekologistak, enpresa honek ikuskizunak aurrera eraman ahal izateko, umeen segurtasuna bermatzeaz gain, beharrezkoak diren udal eta foru baimenak dituen egiaztatzea ere eskatzen du.
Euskadi, Errioxa eta Nafarroan zehar ibiltzen den ikuskizun ibiltari honek zenbait atal ditu: txekor txikiekin eginiko sokamuturra, txerrikume edo basurdekumeak askatzea umeek segika eta harrapaketan ibiltzeko eta baita aipatu dugun oilarren arteko borroka. Azkeneko animali hauek zirikatuak izaten dira beraien artean behin eta berriz elkar joka ibiltzeko, gerora horietako bat hartu eta kapote modura erabiltzen da beste oilarra toreatzeko.
Umeen sokamuturraren inguruan, gogorarazi behar da, Nazio Batuen Erakundeko Umeen Eskubideen batzordeak eginiko informe batean, batzorde hau, umeak zezenekin eginiko festatan parte hartzearen kontra azaltzen zela.
Enpresa hau, duela 40 urte bere ikuskizunekin hasi zenean, ez ziren animalien babeserako arau ezberdinak existitzen, baina gaur egun ordea bai. Arrazoi honegatik, erakunde desberdinei, Eusko Jaurlaritza, Foru aldundiak edo eta udaletxeei gai honekiko hartu beharreko neurriak hartu eta legea bete dezatela eskatzen diegu.Ezin ditugu animalienganako tratu txarreko jarrerak sustatu, umeak ezin bai dira hauenganako enpatia gabezian hesitu.