Gipuzkoako indar eraldatzaile eta aurrerakoiek akordio markoa behar dugu Zubietako erraustegi toxikoa gelditu nahi baldin badugu eta, benetan, ikuspuntu globalago batetik, beste kontsumo eredu batera biratu nahi baldin badugu, ‘zero zabor’ (zero waste) filosofian eta ekonomia zirkularrean oinarritutako eredura, alegia. Beste moduan esanda: “Birziklapena bai, errausketarik ez” aldarrikapenetik, elkarlan koordinatuago batetara pasa behar dugu. Zentzu honetan, gure xedeak hurrengo hauek dira:
- Zabor kopurua gutxitzea
- Berrerabilpena eta birziklapena handitzea
- Hondakinen errausketan oinarritzen ez den tratamendu alternatiboa ematea
- Ikerketa+Garapena+Berrikuntzaren (I+G+B) aldeko apustua egitea soluzio berriak bilatze aldera, eta inerteen biltegietarako bidea hartzea – inoiz ez zabortegi toxikoen bidea -, beti ere, ‘zero zabor’ helburuarekin.
Dokumentu hau sinatzen dugunok elkarrekin lan egitea erabaki dugu eta hurrengo konpromisoak hartu ditugu:
- Hondakinen hierarkia-printzipioaren aplikazioan eta ekonomia zirkularrean oinarritutako Europako zuzentarauekin konprometitzen gara. Horrenbestez, Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketarako Plan Integrala zaharkituta dagoela deritzogu; bertan agertzen diren aurreikuspenak eta proposamenak desfasatuak baitaude.
- Hondakinak gutxitzeko konpromisoa hartzen dugu. Era berean, produktuen eko-diseinua bultzatzen dituzten lege eta arauekin konprometitzen gara, zabor kopurua gutxitzeko helburuarekin.
- Hondakin zatien birziklapen tasak hobetzera eta gaikako bilketa zabor tipologia gehiagoetara zabaltzera konprometitzen gara eta, baita ere, den-denok (enpresak, dendak, ostalaritza, zentro publikoak, etxeak…) jatorriko sailkapenean sakontzean.
- Materialak konpontzeko eta berrerabiltzeko gune publiko edo eta pribatuak sustatzera konprometitzen gara.
- Gipuzkoak ez du errausketa plantarik behar. Erraustegia eraikitzeak instituzioetako finantzak eta, horrenbestez, herritarrak hipotekatuko ditu hurrengo 35 urteetan, aipatu gabe ingurumenean eta pertsonen osasunean eragingo dituen kalteak.
- Zabortegi toxiko berrien irekiera edo eraikuntza arbuiatzen dugu. Edozein zabortegi motaren beharra gutxitzeko esfortzua egingo dugu, gure helburua birziklatu edo konpostatu ahal den zaborra ez isurtzea delarik, ezta tratatu gabeko hondakinak ere.
- Gure ustez, beharrezkoa da gure eredu produktiboa berrantolatzea, hondakin guztiak berrerabilgarri, birziklagarri edo biodegradagarri izateko. Horregatik, lan egingo dugu helburu hori lortu ahal izateko, merkatu-nitxo berriak eta lanpostuak sortuz.
- Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako hondakinen inguruko diagnostikoa (prognosia) irreala da eta artifizialki puztuta dago. Beraz, txosten tekniko berri bat egingo dugu, eta eskatzen dugu erakunde independiente batek egin dezala errealitatearekin eta Europako helburuekin bat datorren beste prognosi bat.
- Zabor tasen igoera, eta familien ekonomiengan izango duen eragina, salatu nahi dugu, bereziki, erraustegiaren eraikuntzarekin dagoelako lotuta, hau da, osasunaren, ekonomiaren eta ingurumenaren ikuspuntutik erabat jasanezina den azpiegitura batekin.
- Proposatzen dugun alternatiba bideragarria, eraginkorra, moldagarria eta jasangarria da, ingurumen zein osasun ikuspegietatik. Beraz, gure konponbidea ekonomikoagoa, ekologikoagoa eta osasuntsuagoa da eta berau konpost instalazioetan zein gaikako sailkapen eta tratamendu instalazioetan – material birziklagarri guztiak berreskuratuz eta gainontzeko hondakinen inertizatuz, kutsatu ez dezaten – oinarrituta dago.
EH BILDU PODEMOS/AHAL DUGU EQUO EZKER ANITZA/IZQUIERDA UNIDA