Joan den urtarrilean SYRIZAren garaipenaren ostean, hainbat pertsona eta elkartek gure babesa erakutsi genuen Grezian norabide egokian gauzak eraldatzeko aukera bazegoela ulertzen genuelako.
Troika eta Kapitalaren Europa geldiarazteko ere aukera garrantzitsua zabaltzen zela ulertzen genuen eta baita herriek eta hiritarrek euren etorkizuna libreki erabakitzeko duten eskubidea aldarrikatzeko ere, kanpoko eskusartzerik gabe.
Urtarrilean hautatutako Greziako Gobernuak agindu argia jaso zuen, Grezia gizarte larrialdira eraman duten politikei aurre egitea. Azken bost hilabeteetan Gobernuak urrats garrantzitsuak eman ditu norabide horretan eta honen aurrean Europako eta nazioarteko instituzioek Grezia mehatxatu eta hautesleek espresuki errefusatutako neurriak inposatzen saiatu dira.
Azken urteotan eta azken hilabeteetan, batez ere, Greziako Herria Troika eta bere politiken aurka mobilizatu egin da. Hemen bildutako Gasteizko herritarrok subiranotasunaren defentsan merkatuekin emandako konfrontazioa txalotu egiten dugu eta nazioarteko instituzioen mehatxu eta interferentzien aurrean Greziako Herriari gure babesa adierazi nahi diogu.
Austerizidioaren aurkako borroka honen emaitzak, ez du bakarrik greziarren etorkizuna definituko, era berean, demokrazia eta berdintasun handiagoa lortzeko borrokan dauden Europako herrien etorkizuna ere definituko du. Instituzioek portaera onartezina hau gelditu eta Europako herritarrak direla euren etorkizuna erabaki behar dutenak aitortu dezaten presionatu behar ditugu.
Mezu politiko argi bat bidaltzea da garrantzitsuena. Greziako gizartea ez dago bakarrik, elkartasunaren eta duintasunaren Europa sozial eta jasangarri baten alde borrokatuko dugu eta gotorleku bilakatutako Europa baten eta irabazien Europaren aurka borrokatuko dugu.
Greziako Herria eta bere Gobernuaren aurka eta uztailaren 5ean burutuko duten erreferendumaren aurka Eurotaldeak, Europako Batzordeak, Europako Banku Zentralak eta Nazioarteko Diru Funtsak etengabe luzatutako mehatxuen aurrean, presio antidemokratiko horiek salatzen ditugu eta Greziako Herriak bere eredu ekonomiko eta soziala erabakitzeko eta bere etorkizuna askatasunean eraikitzeko duen eskubidea errespetatzea aldarrikatzen dugu.
Hori dela eta herritarrei mobilizatzeko eta Greziako Herriari babesa erakusteko deia egiten diegu. Plaza honetatik ozen adierazten diogu Greziako Herriari gure babesa, GAUR GREZIA DELAKO BAINA BIHAR ZU IZAN ZAITEZKEELAKO.