OROITZA –

 

Untitled-2

www.oroitza.org

 

1526559_10202898179962307_1737690172_n - copia

 

Euskal Herrian izandako indarkeria zehatz batek sortutako ondorioak gainditzearen alde lan egin nahi duen hiritar talde bat gara. Hastapen demokratikoak eta Giza Eskubideen defentsaren esparrutik egin nahi dugu, hala nola gizartearen aniztasunarenganako begirunea, indarkeriaren deslejitimazioa eta gehien sufritu zuten pertsonenganako elkartasuna abiapuntu hartuta.

Indarkeria honen eragilerik handiena ETA izan da, 800 hildako baino gehiago eragin dituena –horietatik %95 frankismoa amaiturik-. Guztion arteko elkarbizitzari eraso zion eta herrialde honen bizimodu demokratikoa bortizki astindu zuen; talde terrorista horrek gizarteko zati baten sostegua eta ardura jaso zituen. Berau ez zen talde terrorista bakarra izan; GAL, Batallón Vasco Español… ere egon ziren, ETAri erantzuna emateko aitzakia hartuta, 65 hildako, gutxienez, eragin zituztenak. Estatuko indar polizialek ere legez kanpoko jarduerengatik, horiek guztiak arbuiatzeko modukoak, pertsona batzuk akabatu zituzten.

Azken bost hamarkadotan pairatutako indarkeria honen ondorioen gainditze bidean, bi ardatz ditugu abiapuntu:

Gertatu den guztiaren bidezko eta benetako oroimena indartzea. Berton, hastapen demokratikoak, gizaki ororen oinarrizko eskubideak eta ikuspuntu totalitarioen porrota azaldu behar dira argiro. Oroitza honek hiru zeregin ditu: indarkeria guztiz deslejitimatu behar du; bidegabeki eta bete-betean sufritu zuten pertsonekiko indarberritzailea izan behar da, eta, azkenik, sasoi historiko hau gainditu ahal izateko, erreferente positiboak behar dituen gizartearentzat, pedagogikoa ere bai.

Batetik indarkeriak eta bestetik gizakioi zuzendutako mehatxu eta erailketaz egin zuten justifikazioak apurtu zuen elkarbizitza berreraikitzeko lan mardula. Horretarako, honakoa funtsezkoa da:

  • Gertatu den guztiaren inguruan nork bere ardurak hartu eta berrikuspen kritiko bat burutu, bai norbanakoak bai taldekakoan. Indarkeria justifikatu zuen ezker abertzaleari dagokio bereziki, baina ez solik.
  • Euskal gizartearen aniztasuna onartu eta hobetsi. Hartara, bereganatu beharko genuke gizarte anitz eta aske batean, elkarbizitzan gatazkak egotea gauza arrunta dela.
  • Gure gizartean nork bere lubakia lagatzea errezten duten jarrerak hartzea, aurkarien arteko hizkera alboratuz.
  • Biktimei onespen eta elkartasuna adieraztea, haiek bidegabeko indarkeria jasan zutelako. Beraiek dira lehenengo arrazoi deslejitimatzailea.
  • ETAko kideenganako gizatiar-jokabidea sustatu –hurbilketari garrantzi berezia emanez-, hala nola bergizarteratzea ahalbidetu. Halaber, euren kartzelaratzeak sorrarazi dituzten delituen aniztasuna errekonozitu behar da.

Bakezko etorkizunean nola ekin? Adibide franko dugu zelan eutsi kolektibo gisa: gehien sufritu dutenen adore zintzoa, bestelako biktima askoren arteko topaketak (Glencree Ekimena), Langraitz-Nanclares irtenbidea, biktima hezitzaileak, biktima eta biktimagileen topaketa berregileak, damu zintzoa, berezko barkamen eskaria edota bergizarteratzea bera.

 Nola ETAren edo beste taldeen izugarrikeriak, hala Estatuko Indar polizialen legez kanpoko jarduerek oinazea eta gainbehera etikoa baino ez dute ekarri, euren egileena ez ezik, zuzenki edo zeharka babestu zutenena ere bai.

 Lanean jardungo dugu gertatutako ezer ere ahaztu ez dadin, erabat indarkeria justifikaezina izan zela erakusteko, gertatu denaren inguruko kontakizuna sufritu dutenenganako zuzen eta zintzoa izan dadin; eta, azkenik, izugarrikeria hau elkartasunaren, tolerantziaren eta begirunearen eskola majistrala bihurtu dezagun.