EQUO Euskadi-k, Ezker Anitza-IU-k eta Iratzarri-Eki-k Errepublikaren aldeko manifestu bateratua onetsi dute

“HIRITARRAK GARA. GURE ETORKIZUNA ERABAKITZEKO ERREFERENDUMA” Manifestua

XXI. mendean eta funtsezko logika demokratikotik ikusita onartezina iruditzen zaigu edozein erakunde hiritarren borondatetik kanpo kokatzea. Hori da Juan Carlos I erregearen abdikazioarekin eta Felipe Borbón-ekin gertatzen ari dena. Hiritarrak garelako, ez mendekoak, ez dugu nahi gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea lapur dezaten. Hiritar izateak nola gobernatu nahi dugun erabakitzea dakar berarekin: demokrazia praktikatzea, guztion artean zer nahi dugun erabakitzea, eta hori dela eta Monarkia eta Errepublikaren artean erebakitzeko erreferenduma eskatzen dugu.
Gainera erreferendum hau prozesu konstituziogilea sustatzeko aukera paregabea dela uste dugu. Pairatzen ari garen krisi ekonomiko, sozial, ekologiko eta politikoari erantzuna emango diona. Aukera ezinhobea dugu honako hontan, egun milioika pertsonei gutxieneko baldintza duinetan bizitzea galarazten dien gehiegikeriei erantzuteko.
Horretaz gain, uste dugu erradikaltasun demokratikoa oinarrian duen prozesu honen aldeko apustuarekin, euskal gizartean dauden elkarbizitzaren, aniztasun identitarioren eta subiranotasunaren inguruko arazo zehatzei aurre egiteko bide aproposa irekitzen zaiela. Ibilbide horretan jorratu behar da erabakitzeko eskubidea, autodeterminazioa, frentismo identitariorik gabe, atxikipen nazional desberdinen aliantza solidario eta transbertsal baten bitartez.
Adierazitako guztia dela eta, datozen egunetarako deitutako mobilizazio eta ekitaldietan parte hartzera dei egiten dugu, baita egungo egoeraren eraldaketa sakon baten alde lan egitera ere.