EQUO eta Bidezko Mundurantz alderdi politikoek “Udaberri Europarra” izeneko hautagaitza aurkeztuko dute europar hauteskundeetan beste alderdi batzuekin batera parte hartzeko, besteak beste: Compromís eta Chunta Aragonesistarekin. “Udaberri Europarra” koalizioa aberasten duten alderdi bakoitzeko ekarpenak aurkeztuko dituzte Florent Marcellesi, EQUOren zerrendaburuak, eta Miguel Ángel Vázquez, “M+J”ko hautagaiak. Badira urteak, EQUO eta Bidezko Mundurantz ekimen bateratuak garatzeko lanean dihardutela, azken aldian burutu diren “Bakearen aldeko Gardentasuna” kanpaina (armamentu gastuaren kontrolaren aldekoa) ala kalitate politikoaren euskal zigiluaren diseinua bezalakoetan. Partekatutako hausnarketa eta proposamenen elkarlan esparru hau sakontzera baino ez dator Udaberri Europarra koalizioa, oraingoan, pobreziaren amaierak eta Giza Eskubideen babesak Europar Parlamentuan ordezkaritza aurki dezaten lortzeko helburuz.
Compromís, Chunta Aragonesista, Partido Castellano, Democracia Participativa, Siex eta Caballas dira Udaberri Europarra osatzen duten gainerako alderdiak. Murrizketak geldiaraziko duen eta iruzur handi honen arduradunak ordainaraziko dituen Pertsonentzako Europa eraikitzeko deialdia egiten ari dira alderdi politiko honek guztiek Estatuko leku desberdinetan burutzen ari diren aurkezpenetan. Elite politikoak eta ekonomikoak inposaturiko estualdiak milioika pertsona pobretu ditu, eta geroko belaunaldien etorkizuna jarri du arriskuan. Troikaren Europa hori gero eta desberdinagoa eta sostengaezinagoa da. Tamalez, proiektu europarrean konfiantza daukan jendea gero eta urriagoa izatera bultzarazten du. Europar Batasuna funtsezko esparrua da korporazio handien eta merkatu finantzarioen aurka borrokatzeko, baita klima-aldaketari eta populismo xenofobo baztertzaileei aurre egiteko ere.
EQUOk, Bidezko Mundurantzek eta Udaberri Europarra koalizioa osatzen duten beste alderdiek jasangarritasuna, elkartasuna eta demokraziaren bidez Europa birsortzea defendatzen dute, herritarron burujabetza politikoa berreskuratu eta nazioz gaindiko mailan erabiltzea, guztiontzako bizitza duina eta arduratsua berma dezakeen etorkizuna adostu ahal izateko. Udaberri Europarra planetako mugak errespetatu eta pertsona gehienontzat onargarriak diren erantzunekin aurkezten da Europan.