Elkarrekin taldeak aurrekontu hitzarmena egin du EAJ-PSE gobernuarekin, eta 2023an gizarte babes handiagoa izango dute gehien behar dutenek

  • Hitzarmenari esker, etxebizitza politikak indartuko dira, ekonomiak berreskuratzeko bidea hartuko du klima ekintzaren bitartez, eta jarraipena emango zaie aurretik zetozen lan ildo garrantzitsuei

 

  • Udal taldeak 30 zuzenketa baino gehiago sartu ditu, guztira 3.243.863 euro egiten dutenak. Horien bitartez blindatuta geldituko dira konpromiso politiko eta ekonomikoak energia trantsizioaren arloan, indarkeria matxistaren aurkako borrokan, etxegabetzeen gaian eta familientzako eta ekintzaileentzako laguntzetan, noiz eta ziurgabetasun ekonomikoan gauden honetan

Negoziaketa bolada gogor bat izan ondotik, Elkarrekin Vitoria-Gasteiz udal taldeak (Podemos -Ezker Anitza IU- Berdeak EQUO) aurrekontu hitzarmena lotu du EAJ-PSE gobernuarekin. Horri esker, gobernu taldeak aurkezturiko udal kontuen proiektua hobetu egingo da, eta, hala, herritarren premiarik handienei erantzun ahalko zaie; era berean, krisi sozial eta energetiko honi dagokion erantzuna eman ahalko zaio.

Hitzarmen honekin, etxebizitza politikak indartuko dira, ekonomiak berreskuratzeko bidea hartuko du klima ekintzaren bitartez, eta jarraipena emango zaie aurretik zetozen lan ildo garrantzitsuei.

Elkarrekin taldeak 33 zuzenketa sartu ditu, guztira 3.243.863 euro egiten dutenak. Zuzenketetako asko berriak dira, eta beste kasu batzuetan lehendik datozenak zabaltzen dituzte, hala nola indarkeria matxista borrokatzekoak, etxegabetzeetan aterpea ematekoak eta ziurgabetasun ekonomiko honetan familientzako eta ekintzaileentzako laguntza zabaltzen dutenak.

Hitzarmenak blindatuta utzi ditu funtsezko konpromiso politiko eta ekonomikoak. Esaterako, etxe hutsen kanona aplikatzeko egutegia lotzea higiezinen zentsua egin eta gero; horrela, Vitoria-Gasteizek bete egingo du Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Dekretua. Gainera, programa kontratu bat zabalduko da Udaleko Berdintasun Zerbitzuko laguntzaile taldeari jarraipena emango zaiola ziurtatzeko.

Etxebizitza arloko politikei dagokienez, Elkarrekin taldeak azpimarratzen du etxegabetzeetan larrialdiko aterpea emateko funtsa sartu izana, orobat etxebizitza sozialak martxan jartzeko udalaren etxeak birgaitzeko inbertsioak sartu izana ere larrialdiko aterpea behar dutenentzat, eta SmartenCity proiektuaren birgaitze inbertsioak handitu izana Koroatzearen auzoan.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Udal taldearen beste jarduketa arlo inportante bat osasun mentalarena da; bereziki gazteena eta haurrena. Atal horretan, hitzarmenari esker, handitu egingo da Gizarte Politiken sailean xede horretara bideratzen den diru kopurua. Era berean, Elkarrekin taldeak nabarmentzekotzat ditu Zainketa eta Lotura Plana, auzoetan komunitate ehuna eta adinekoenganako laguntasuna sorrarazteko xedez.

Bestalde, azpimarra berezia merezi dute 120.000 euro baino gehiagoko partida berri batek, udal haurreskolen zerbitzua doan ipintzeko, eta 250.000 euroko gehikuntza batek, indarkeria matxistak borrokatzeko diru sailean.

Politika berdeen arloan, Elkarrekin taldeak nabarmentzen du Eraldaketa Komunitariorako Bulegoa sortu izana, zeina komunitate energetikoak bultzatzeko izango baita, eta 500.000 eurotan handitu izana eguzki plakak udal eraikinen estalkietan eta espazio publikoan instalatzeko diru saila.

“Ukrainako gerra dela-eta energia krisi zorrotza ikusten ari garen honetan, beharrezkoa zen gizarte babesa ematea familiei, haien ekonomian eragina izaten ari baita eta atzean inor ez gelditzeko. Zuzenketen bitartez sartutako hobekuntzekin, Elkarrekin taldeak errotik hobetu du aurrekontu proiektua, eta lortu du krisia gogorrago jotzen ari denei babes hobea eta handiagoa eskaintzea. Alde horretatik, pozik gaude lortu ditugun aurreramenduekin. Orobat eragiten dute gure ekarpenek ekonomiaren berreskurapen bidean, betiere klima ekintzaren ikuspegitik. Eta ezin dugu ahaztu, gainera, hiru urte honetan garatu ditugun lan ildoak sendotu egin direla; besteak beste, indarkeria matxistaren aurkako borroka, politika feministak, energia trantsizioa, osasun eta zainketa programak eta etxebizitza politikak.

Are gehiago, jarduketetako batzuk gobernuak hartu ditu bere gain, proiektuaren zirriborroan berean txertaturik ageri baitziren. Aztarna utzi dugu”, esan du Elkarrekin taldeko bozeramaileak, Óscar Fernándezek.