- Erregai alternatiboak dituzten ibilgailuak sar daitezen azkartzeko neurriak hartzea aurreikusi da Eusko Legebiltzarrean adostutako mozioan.
- “Eusko Jaurlaritzak automobil-sektorearen benetako mehatxuei heldu behar die, baina mehatxu horietako bat ez da dieselari zerga ezartzea. Eztabaida euskal automozio-sektorearen trantsizioari buruzkoa da, sektore hori modernoa eta jasangarria izateko, sektorea birmoldatzeko eta Mercedes birmoldatzeko”, ohartarazi du Elkarrekin Ahal dugu alderdiko EQUO Berdeak taldeko legebiltzarkide José Ramón Becerrak.
EQUO Berdeak taldea pozik dago legebiltzarreko talde guztiek, Alderdi Popularrak izan ezik, hastear dagoen eta euskal automozio-sektorearen ezinbesteko trantsiziora bideratuta dagoen mugikortasun-paradigma berriari buruz Eusko Legebiltzarraren osoko bilkuran lortutako akordioarekin.
Alderdi ekologistaren ustez, automobil-industriak trantsizio ekologikoaren erronkari aurre egin behar dio, hau da, Nazio Batuen Erakundearen Garapen Jasangarriaren Helburuetan (GJH 2030) eta Klima Aldaketari buruzko Parisko Akordioaren ondoren gizartearen eta ingurumenaren alorrean ezarritako konpromiso berrietara egokitzea ahalbidetuko duen erronkari.
MERCEDES
Beste talde politiko batzuek, Alderdi Popularrak adibidez, sektoreak gaur egun bizi duen egoerari buruzko eztabaida dieselari zerga igotzera desbideratzen duten bitartean, denbora eta ahaleginak galtzen dira eta ez da egiten sektorearen benetako mehatxuei aurre egiteko moduari buruzko gogoetarik. Aipatutako mehatxuak honako hauek dira: erregaiak garestitzea eta lehengaien eskasia.
“Erregai fosilak mugatuak dira, ez dute modu mugagabean iraungo eta guztioi interesatzen zaigu automobil-sektorea modernoa eta jasangarria izatea. Sektorea birmoldatu egin behar da. Mercedes eta hark Gasteizen duen faktoria birmoldatu egin behar dira lehiakorrak izaten jarraitzeko, eta hori ez da lortuko barne-errekuntzako ibilgailuak egiten jarraitzen bada”, azpimarratu du Elkarrekin Ahal dugu alderdiko EQUO Berdeak taldeko legebiltzarkide José Ramón Becerrak.
Legebiltzarkide berdea Eusko Legebiltzarreko eztabaidaz baliatu da langileen behin-behineko kontratazioen inguruan Mercedesen gaur egun dagoen iruzurra salatzeko. Berriro esan du ez dela egia dieselari ezartzen zaizkion zergetan ezar litekeen igoera izatea Gasteizko fabrikan behin-behineko langileak kaleratzearen arrazoia. “Diesel ibilgailuen fabrikatzaileak susmopean zeuden beren iruzurrezko jardunbideengatik, baina, orain, gainera, zerga-arloari buruzko eztabaidaz baliatzen ari dira beren plantilletan murrizketak egiteko eta oraindik mozkin gehiago lortzeko. Eusko Jaurlaritzak eten egin behar du behin-behineko kontratazioen inguruan Mercedesen gaur egun dagoen iruzurra”, adierazi du.
ORDEZKO ERREGAIAK LORTZE ALDERA
Taldeek adostutako mozioan, Eusko Jaurlaritzari eskatu zaio orokorrean mugikortasunarekin eta bereziki automozioarekin lotutako euskal industriaren erronkei, aukerei, mehatxuei eta ahuleziei buruzko gogoeta egiteko prozesuarekin jarrai dezala.
Era berean, eskumeneko administrazioei eskatu zaie sektoreari bilakatzen lagunduko dioten neurriak har ditzatela erregai alternatiboak dituzten ibilgailuen sarrera azkartzeko.