- Alderdi berdearen ustez, kirol-portuak kudeatuko dituen erakundearen izaera pribatuak ez ditu langile-kontratazioan eta obra- eta kontratu-lizitazioan izan beharreko gardentasunari buruzko zalantzak argitzen.
- Alderdi ekologista pozten da, dena den, Elkarrekin Podemosek klima-aldaketak portuetan izan dezakeen eragina arintzeko aurkeztu dituen zuzenketak testuari gaineratu zaizkiolako.
EQUO Berdeak alderdiaren ustez, Eusko Legebiltzarrak onetsi duen EAEko Portuen eta Itsas Garraioaren Legeak kudeaketan eta kontratuen esleipenean gardentasuna bermatzeko gai izango ote den zalantza ez du argitzen. Arauak, azkenik, kirol-portuen erakunde kudeatzailea izaera publikokoa izateko eskaera ez du kontuan izan, eta kudeaketa pribatuari atea zabalik uzten dio.
Alderdi berdearentzat ezinbestekoa da langile-kontratazioan eta obra eta kontratuen lizitazioan fiskalizazio publikoa gauzatzea, klientelismoa eta ustelkeriak oztopatzeko. Horrelaxe berretsi du Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide eta EQUO Berdeak alderdiko kide José Ramón Becerrak. “Kontrol publikoa funtsezkoa da langile-kontratazioan eta hirugarrenei kontratuak esleitzerakoan. “EuskadikoKirolPortuak” erakunde publiko berriak zuzenbide pribatuaren eraginpean jarriko du hirugarrenekiko harremana bere jarduera garatzeko, % 100 Administrazio publikoarena izan zitekeen arren; zergatik ez dute nahi kontrol publikoa eta gardena?
Alderdi berdeak adierazitako beste hutsune bat lan-segurtasunaren alorreko koordinaziorik eza da, eta portu-administrazioak espresuki hartu beharko luke bere gain ahalmen hori “aurten Bilboko Portuan edo iaz Ondarruko Portuan gertatu ziren istripu hilgarriak saihesteko. Gune horietan lan-arriskuak nabarmen areagotzen dira”, ohartarazi du Becerrak.
Legebiltzarkideak, bestalde, atsekabez adierazi du Jaurlaritzaren eta kostaldeko udalen arteko harremanak hobetzeko aukera galdu dela. “EAJ, PSE eta PPk, Portuetako Udal Kontseiluetan Jaurlaritzaren eta Udalen artean parekotasuna izateko eta bertan hartzen diren erabakiak lotesleak izateko aurkeztu dugun zuzenketa ez dute onartu. Praktikan, horrek esan nahi du kostaldeko udalerriek portu-espazioaren konfigurazio eta erabilerari buruz hartzen diren erabakietan ez dutela parte hartuko, udalerri horien erdigunean kokatuta dagoen espazio publiko bat izan ohi den arren”, kritikatu du Becerrak.
EQUO Berdeak pozten da, dena den, Elkarrekin Podemosek aurkeztutako 33 zuzenketetatik gutxienez ere klima-aldaketak portuetan izan dezakeen eragina arintzeko zuzenketak testuari gaineratu zaizkiolako. ”Etorkizunari begira ondorio kezkagarriak izan zitzakeen ahaztea zen. Jadanik ikusten ari gara klima-aldaketa gure portuetan eta kostaldeetan sortzen hasi den eragin negatibo garrantzitsuak”.