- Elkarrengandik bost metro eskasera daude 2014az geroztik beharrezko administrazio-baimenen zain dauden bi zerbitzu horiek
José Ramón Becerra EQUO Berdeak alderdiak Elkarrekin Podemosen duen legebiltzarkideak Osasun Sailari eskatu dio, hainbat urte zain egon ondoren, Urduñako egoitzako sukaldeari aldameneko eskolako menuak egiteko baimena eman diezaion. Elkarrengandik bost metro eskasera daude bi zerbitzuak, eta 2014az geroztik beharrezko administrazio-baimenen zain daude.
Urduñako Udalak zaharrentzako egoitza bat dauka, sukalde kolektibo batez hornitua. 2009an proposatu zuten sukalde horretan aldameneko eskola publikoaren menuak ere presta litezkeela, eskolaren jangela egoitzaren sukaldetik zuzenean 5 metro eskasera dagoela kontuan hartuta.
2014ko azaroan, Udala eskolari zerbitzua emateko prest zegoen, baina orduan ‘kalbario administratiboa’ hasi zen, betekizun gehiago eskatu zizkietelako.
2016an, betekizun horiek bete ondoren, Osasun Sailak joko-arauak aldatzea erabaki zuen bat-batean, eta zerbitzu kolektiboetarako sukalde baten arauak betearazi zizkieten. “Gure ustez hau ez da gehiago kontu administratibo bat, kontu politiko bat baizik. Administrazioak eragindako tratu txarren kasu baten aurrean gaude, argi eta garbi”, kexatu zaio Becerra Jon Darpón sailburuari egindako interpelazioan. “Nik, Urduñako hainbat familiak bezala, honako galdera hau egin nahi dizut: 2014az geroztik zure Sailak debekatu du egoitzako sukaldeak eskolako menuak egitea. Zein dira debeku horren benetako arrazoiak?”, erantsi du Becerrak.