- EQUO Berdeak taldearen ustez eukaliptoen plantazioei lotutako kalte ekonomiko eta ingurumen-kalteak askoz ere handiagoak dira “gutxi batzuentzat” sortzen dituzten onurak baino, eta, hori horrela, eukaliptoaren ordez modu ordenatu batean ingurumenarentzat eta landa-ingurunearen ekonomiarentzat hain kaltegarriak ez diren espezieak ezartzea planteatzen du
- José Ramón Becerra legebiltzarkide berdeak eskatu zuen jada 2018ko urrian Eusko Legebiltzarrean eukaliptoa Espezie Exotiko Inbaditzaileen Euskal Katalogoan sartzea, baina eskaerak ez zuen aurrera egin, EAJ, PSE eta PP aurka agertu zirelako
EQUO Berdeak alderdiak Legez Besteko Proposamena erregistratuko du Kongresuan bere diputatu Inés Sabanésen bidez, Eucalyptus barietate guztiak Espezie Exotiko Inbaditzaileen Espainiako Katalogoan sar ditzatela eskatuz.
Espezie Exotiko Inbaditzaileen Espainiako Katalogoaren Batzorde Zientifikoak 2017ko abenduaren 1ean emandako txostenean oinarritzen du proposamen hori alderdi berdeak. Dokumentu horretan jasota geratu zen jada Eucalyptus zuhaitzaren barietate guztien “izaera inbaditzailea” eta gomendatzen zen “baso-ustiapenerakoak diren” eukalipto espezie guztiak Espezie Exotiko Inbaditzaileen Espainiako Katalogoan biltzea. Gomendio espresua egiten zen “kontu handiz ibiltzeko sarrera eta landaketa berriekin”, eta era berean “desagerrarazteko neurriak ezartzeko, inbasioa gertatu baino lehen”.
Ildo horretan, EQUO Berdeak taldearen ustez, eukaliptoen landaketekin lotutako kalte ekonomikoak eta ingurumen-arlokoak landaketa horiek “gutxi batzuei” sortzen dizkieten mozkinak baino askoz ere handiagoak dira. Alderdi berdeak uste du eukaliptoa ez dela beste zuhaitz bat gehiago, baizik eta iturburuak idortzen dituen, lurzorua antzu bihurtu arte lurzoruko egitura suntsitzen duen, beste landare batzuk haztea eragozten duen, eta, gainera, baso-suteen arriskua izugarri areagotzen duen espezie bat dela. Ikuspegi ekonomikotik begiratuta, eukaliptoen landaketen mozkina murritza da eta baso-jabeek soilik lortzen dute mozkin hori; aitzitik, espezie hori landatzeak dakartzan kalteek gizarte osoari eragiten diete, bereziki landa-arloari. Landa-arloko biztanleek ikusten dute beraiek bizi diren ingurunea pobretzen ari dela, iturburuak idortu eta lurzoruak ekortzen diren eta suteen ondorioz beren bizibide osoa erretzen den heinean. “Euskadin, biodibertsitatea babesteko, bertako espezietako gure basoak zaindu behar ditugu eta koniferoen baso-landaketen kudeaketa ‘naturalizatu’ egin behar dugu. Alabaina, Bizkaian eta Gipuzkoan, bertako espezieen eta koniferoen ordez eukaliptoen baso-landaketak egiten ari dira, bereziki pinuaren banda marroia izeneko gaixotasuna agertu zenetik” adierazi du José Ramón Becerra kobozeramaile eta lehendaritzarako hautagaiak.
José Ramón Becerra legebiltzarkide berdeak eskatu zuen jada 2018ko urrian Eusko Legebiltzarrean eukaliptoa Espezie Exotiko Inbaditzaileen Euskal Katalogoan sartzea, baina eskaerak ez zuen aurrera egin, EAJ, PSE eta PP aurka agertu zirelako
Orain, Euskadiko alderdi berdeak urrats bat gehiago egin du eta Biodibertsitatearen Mundu Eguna ospatuko dela aprobetxatuz, Legez Besteko Proposamena Diputatuen Kongresuan erregistratuko du, Espainiako Gobernuak prozedura administratibo bat abian jar dezan Eucalyptusaren barietate desberdinak Espezie Exotiko Inbaditzaileen Espainiako Katalogoan inskriba dezan, Batzorde Zientifiko Aholkulariak emandako irizpenaren arabera. Proposamenean, administrazio publikoei eskatzen zaie beren baso-politikak alda ditzatela beren lurraldeetan eukaliptoa ez landatzeko, eta titulartasun publikoko mendietan gaur egun dauden landaketa industrialen ordezkapen ordenatua planifika dezatela.