UdalBerri Koalizioak Aburtoren Gobernuari Milango Nazioarteko Itunean hartutako konpromisoa bete dezala eskatu dio
Ahal Dugu, Ezker Anitza-IU eta Equo Berdeak alderdiek osatutako udal-taldeak otsaileko osoko bilkuran Udal Gobernuari eskatuko dio Bilbon Udal Elikadura Kontseilu bat sor dezala, tokiko elikadura-sistemarekiko interesa azaltzen duten eragile guztiek parte hartuz bertan, elikadura-politika jasangarrien eraikuntzan elkarrekin lan egiteko helburuarekin. “Mota honetako gune bat beharrezkoa ikusten dugu jasangarria izango den eta gure hiriaren testuingurura eta globalizazioaren erronketara egokituko den elikadura-eredu bat eztabaidatu eta proposatu ahal izateko”, adierazi du Carmen Muñozek, UdalBerriko bozeramailea.
Koalizioatik gogoratu dute Aburtoren Gobernuak 2015eko urrian Milango Elikadura-arloko Hiri Politikako Ituna sinatu zuela. Itunak modu eraginkorrean lan egitera behartzen gaitu elikadura-eredu jasangarria, inklusiboa, erresilientea, segurua eta dibertsifikatua garatzeko, herritar guztientzako janari osasuntsua eta eskuragarria ziurtatuko duena.
“Itunak ez dira sinatzen Alkatea argazki batean ager dadin. Itun politikoak betetzeko sinatzen dira, are gehiago akordio globalak direnean. UdalBerritik argi daukagu mota honetako proiektu bat behar dugula Bilbon egungo elikadura-arazoei eta etorkizuneko erronkei erantzun eraginkorra eman ahal izateko. Zertaz ari gara? Herritarrentzat hain garrantzitsuak diren bi gaitaz: elikadura eta osasun publikoa. Udal Elikadura Kontseilu batek gure auzo ezberdinetan bizi direnen osasuna zaintzeko balioko luke, hiritarren bizitza-kalitatea hobetuz”, azaldu du Muñozek.