Gasteizko biltegiko bizikletak birziklatzeko proposamena, kolektibo kalteberentzako prestakuntza-programa baten bitartez

  • Proiektuak BIZIKLATU izena du, eta haren helburua da ekonomia zirkularra aplikatzea eta enplegurako sarbidea erraztea.
  • Oscar Fernándezek nabarmendu du antzeko esperientziek arrakasta izan dutela beste hiri batzuetan, adibidez, Zaragozan eta Bartzelonan.

Oscar Fernández, IRABAZI-GANAReko (Ezker Batua/EQUO) bozeramaileak, proiektu bat aurkeztu du, BIZIKLATU, ekonomia zirkularra aplikatzeko eta enplegurako sarbidea errazteko, udal biltegiko bizikleten bitartez.

Gaur egun 450 bizikleta daude udal biltegian, bide publikoan abandonatutakoak (osorik edo hein batean), eta Udaltzaingoak berreskuratutakoak. Bizikleta horien jabeek ez dituzte erreklamatu, eta, ondorioz, Udalaren jabetzakoak bihurtu dira. Gaur egun, bizikleta horien helburua txatarra da, eta hori ulertezina da Green Capital batean.

Egoera hori ikusita, Oscar Fernándezek proposatu du BIZIKLATU proiektuaren bitartez bateratzea ekonomia zirkularra, mugikortasun jasangarria eta lan munduan sartzeko arazoak dituzten gazteentzako lanbide-heziketa.

Zertan datza BIZIKLATU?

Proiektua honetan datza: udal-biltegiko bizikletak erabiltzea, konpondu eta bigarren bizitza erabilgarri bat izateko. Horretarako, lanbide-heziketako ikastaroak emango zaizkie kolektibo kalteberei, gehienbat lan-mundura sartzeko zailtasunak dituzten gazteei, bizikleten mekanika ikas dezaten.

Gaur egun Udalean badaude hainbat programa, BIZIKLATU proiektua bere gain hartzeko erabili ahal izango liratekeenak, adibidez, Bike Station (egun bizikletak mantentzeko ikastaroak eskaintzen ditu, eta instalazio egokiak ditu) eta Genera 30 lan-munduan sartzeko programak. Biak baliatzea aukera bat izango litzateke proiektua ahal bezain laster abian jartzeko.

Azkenik, BIZIKLATUk proposatzen du konpondutako bizikletak izatea Udal Bizikleta Multzoaren parte, eta horiek erabiltzea bisitetarako, ikastaroetarako eta udal jardueretarako. Soberako bizikletak GGKEei eta laneratze-enpresei emateko aukera legoke.

Beste hiri batzuetan antzeko ekimenak arrakastaz jarri dira abian, adibidez, Bartzelonan eta Zaragozan.

Oscar Fernándezek honako hau azaldu du: “Ezker Anitzak eta EQUO Berdeak taldeak sustatutako plataformatik uste dugu osagai guztiak ditugula ekonomia zirkularreko, enplegu berdeko eta mugikortasun jasangarriko proiektu hau arrakastatsua izateko. Proposamen hori Udaleko hurrengo osoko bilkurara eramango dugu, uste dugulako guztiz bat datorrela Gasteizentzat egiaz nahi dugun Green Capital espirituarekin”.